Barrikuntzak Elhuyarren itzultzaile automatikoaren webgunean
2020-05-19 08:04 Euskerea berbagaiEskuko telefonorako aplikazinoak irudietako testua be itzultzen dau.
Elhuyar-ek barritu egin ditu bere itzultzaile automatiko eleaniztunaren webgunea (itzultzailea.eus) eta mobikorretarako aplikazinoa.
Eskuko telefonoetarako aplikazibo barrituak, lehengo zerbitzuez gan, irudietako testua itzultzeko aukerea emoten dau. Horretarako, nahikoa da aplikazinoa edegi eta mobikorra irudiaren parean jartea. Aplikazinoak irudiko testua detektau eta itzuli egingo dau guk eskatutako hizkuntzara, guk testua letraz letra aplikazinoan sartu beharrik izan barik.
Webgunean, barriz, dobako zerbitzuak ugaldu ditue: Erabiltzaileek, orain arte legez, nahi beste aldiz erabili leikie itzultzeko laukia, webguneko sei hizkuntzen artean itzulpenak egiteko (euskerea, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa); orain, gainera, erregistretan badira, 500 berba itzuli ahal izango ditue aldiko (erregistrau barik, 100 berba aldiko). Bestalde, testu soilaz gan, dokumentu formatudunak be itzuli ahal izango ditue; 1.000 berbarainoko 3 dokumentu doban eta hortik aurrerakoak ordainduta.
Ordainpeko zerbitzuei jagokenez, epe luzeko planik kontratau nahi ez bada, unean-unean pagau daitekez egiten diran eskaerak, kreditu-txartela erabiliz, erraz-erraz.
Elhuyarrek 2019ko zemendian jarri eban bere itzultzaile automatiko eleaniztuna erabilgarri, doban, eta ordutik hobekuntzak egiten eta funtzionalidadeak gehitzen jarraitzen dau. Itzultzaile automatikoa lantzeko, teknologiarik barritzaileenak erabili ditue Elhuyarreko I+Gko injineruek, besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso eta, malgua, gura daben bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak emon ahal izateko, izan be, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzuli daitekez segundo gitxian eta sistemea edonon txertatu daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazino-sisteman (Single Sign On bidez)...
Elhuyarren ibilbidea hizkuntza-teknologietan
Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan dau hizkuntzak zientziagaz eta teknologiagaz lotzeko bokazinoa eta eredu da euskerearen eta inguruko hizkuntzen tratamenduan. 2002an ekin eutson hizkuntza-teknologien arloko ikerketeari, Hizking21 proiektuagaz eta handik bi urtera heldu eutson itzulpengintza automatikoari. Ordutik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu dau, baita zerbitzuak erabilgarri jarri be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!