X urte, X zirriborro

Bizkaie! 2020-05-15 11:30   Kulturea

Azkuna Zentroak hamar urte beteko ditu maiatzaren 18an.

Azkuna Zentroak X Urte, X Zirriborro proiektu artistikoa aktibauko dau bere sare sozialetan maiatzaren 18an, astelehenean, zentroko ateak edegi zituenetik 10 urte beteko diran egunean.

Urteurrena irailean ospatuko da, baina zentroak proiektu hau abian jarri nahi izan dau bere ohiko programazinoko artisten eta konplizeen eskutik. Egun horretan bertan, orain 10 urte, lan handiko urte batzuen ondoren, Alondiga Bilbao zanaren ateak zabaldu zituan Udalak eta aisialdirako eta kulturarako gune barri bati bide emon eutson, zerbitzu publikotik kulturara heltzeko modu barri bategaz.

Efemeridea ospatzeko, proiektu bat jarri da abian eta bertan bertako hamar artista ibili dira lanean, kultur proiektu honi buruz daben ikuspegia eskainiz; ondokoak dira: Elena Ciordia, Higinia Garay, Mario Gaztelu, Naiara Goikoetxea, Pernan Goñi, Ane Pikaza, Aitor Saraiba, Leire Urbeltz, Josune Urrutia eta Sandra Erre.

X urte, X zirriborro, amaitu bako zirriborroen eta ilustrazinoen proiektu bat da, eta haren emoitzak arte-saiakera bat osotzen dau, garenari eta zelan ikusten dogun, orain eta etorkizunean, azaldu dabe.

Azkuna Zentroak tokiko hamar artista, ilustratzaile, diseinatzaile eta komikilari horreei eskatutako lanak Zentroko sare sozialetan konpartidu ahal izango dira maiatzaren 18an, ospakizun-ekitaldi kolektibo batean. Gainera, gomutarako orriak laster egongo dira eskuragarri dendAz-en.

Gaur egungo egoerea dala eta, Azkuna Zentroak ezin izan dau X. urteurrena aurreikusi bezela ospatu, baina ez dau hain data seinalatua pasetan itxi gura izan eta horregaitik jarri dau abian ekimen hau, 10 urteotan zentroagaz lotura emozionala sortu daben persona guztiak partaide izango diralarik. Holan, bat egin ahal izango dabe Azkuna Zentroak ateak edegi zituan egunaren ospakizunagaz.


X. urteurrena

Bilboko Udalak 2010eko maiatzaren 18an zabaldu zituan Azkuna Zentroaren ateak. Urteotan hainbat plan estrategikoren bidez, aurrera egin dau, Proiektu Programea 2019-2023ra heldu arte. Proiektu horretan sartuta dago eta Zentroak etenbarik aldatzen dan gizartearen erronkei erantzun nahi deutsee.

Azkuna Zentroa kultura garaikidea, eguneroko gauzak probetako lekua da eta programazinoa eta Zentroaren historiaren parte diran artistak ditu oinarri.

Arte-sorkuntzearen inguruko idea-zentro bihurtu da, artistek, sortzaileek, musikako, zinemako, arte eszenikoko, kultura digitaleko, hezkuntzako, bitartekaritzako eta kudeaketako adituek, artista alkartuek edo publiko komunidadeek ixten dituen ezagutza, praktika, proiektu eta esperientzien bidez.

Hamarkada honetan, arte-proiektuak hartu eta garatzeko gune izan da, ezagutza, praktika, proiektu eta esperientzia horreen guztien bitartez gaur egungo oinarria sendotu dabee, Azkuna Zentroa XXI. mendeko kulturearen plataforma barri lez proiektetan dan oinarria; hortik abiatuta, arduradunek uste dabe etorkizuna dauela Azkuna Zentroa lako zentroak gizarte eta kultura-aldaketei aurre egiteko erronka barriak datozen testuinguruan.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok 2020ko programazinoaren aurkezpenean nabarmendu ebanez, Azkuna Zentroa sorkuntza garaikidearen erreferente bihurtu da, hamargarren urteurrena hemen dago, upealako indarragaz, kalidadeko programazinoagaz eta ikusleen onarpenagaz.

Azkuna Zentroak beti planteau izan dau urteurren hau jatorriaren eta norantz doanaren arteko transizino legez, programazinoaren bidez. 2020-2021 aldian birdimensionetan eta birkokatzen dagoan programazinoa, bertan behera gera ez daiten eta aurreikusitako kontratu eta proiektu guztiei eusten jarraitzeko.

Era berean, Zentroak arte-proiektuak sortzeko prozesua sustatuko dau, arte-sorkuntzeari laguntzeko programak indartuz, arte-egoitzak eta beste erakunde batzuekazko loturak handituz eta Lantegia. Ideen Laborategiaren esparruan proiektu-deialdi barri bat eginez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu