HABEren euskera mailen probak martxan

Bizkaie! 2020-06-12 08:12   Euskerea berbagai

Gaur, barikua, eta bihar egiten dabiz deialdi edegiko azterketak, BECen.

HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskera mailak egiaztetako prozesuari ekin deutso barriro. Azterketak Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz atzeratu behar izan zituen, baina orain osasun aldetik berme nahikoa dagoala ikusi dau HABEk. Euskaltegietako ikasleen preminei erantzun ahal izango deutsie modu honetara, eta laster martxan jarriko diran sektore publikoko lanpostuen eskaintzetan aurkeztuko diran herritarrei aukerea zabaldu.

Deialdi edegiko probak (idazmena eta irakurmena) gaur eta bihar, bagilaren 12an eta 13an, egiten dabiz, Barakaldoko BECen, eta mintzamen probak garagarrilaren 20an eta 21ean (lurralde bakotxak azterketak egiteko guneak izango ditu). Deialdi itxiko proben kasuan, konbalidetan ez diranak bagilaren 15etik 18ra egingo ditue, kasu guztietan BECen.

Maila eta proba batzuk euskaltegietan landutakoaren arabera ebaluauko dira, hau da, HABEren azterketa ofizialik ez da egongo kasu horreetan, hautagai bakotxaren zentroan egindako ebaluazinoa konbalidauko dalako. Hain zuzen be, euskaltegietako ikasleen deialdiko entzumen, irakurmen eta mintzamen probak konbalidau egingo dira. Era berean, A1, A2 eta B1 mailak ebaluazino jarraituaren bidez egiaztauko dira, euskaltegietan, ohi legez.

Aurreikuspenen arabera, 14.000 lagun inguruk hartuko dabe parte euskera mailea erakusteko azterketa ofizialetan: B2 itxian, 3.500 lagun inguruk; C1 itxian, 4.500 inguruk; C1 edegian, 5.500 inguruk; eta C2 itxian, 350 inguruk.

Azterketak egiteko orduan, prebentzino-neurri zehatzak ezarri ditue, Covid-19agaitik. Probak hiru lurraldeetan (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bana) deitu beharrean, azterketa guztiak Barakaldoko BECera eroan ditue. Prebentzino-jarraibideak eta norberaren higienerako neurriak bete behar ditue bertara doazan guztiek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu