Eremu soziekonomikoari leiho bat zabalduta, martxan da Udaltop online
2020-05-14 13:42 Euskerea berbagaiUdaltop etxetik: edegi leiho bat lan munduari.
Eremu sozioekonomikoari leiho bat zabaldu deutso aurten Udaltopek. Egitarau aberatsa: berbaldi bi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak. Izena emon daben 450 lagunek gozau dabe, bakotxak bere etxetik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak be parte hartu dau topaketetan.
Sailburuak esan dauenez, egungo egoera larria gorabehera, ahalegin bat egin behar da euskerea eremu sozioekonomikoan indartzeko: Bizi dogun errealidadeak ez deusku aukerarik emoten epe laburrean zer pasauko dan jakiteko eta ez dago argi zelakoa izango dan egoerea hile batzuen buruan; halan da be, apustuari eutsi eta gaitasuna izan behar dogu finkatutako helburuei eta helmugei eusteko; horreetako bat da euskerea eremu sozioekonomikoan indartzeko apustua. Hori bai, horretarako jagon beharreko oinarri garrantzitsu bat dago: euskerearen transmisinoa hezkuntza sistemearen bidez.
Berbaldiak
Jon Sarasuak zabaldu dau jardunaldia, Lan eremuko uhinaldiaz izenburuko berbaldiagaz. Atxabaltarrak lan eremuan euskereari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu ditu. Hogei puntutan aletu dau uhinaldiaren inguruko gogoetea. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertu ditu: euskerearen ibilbidearen logikeari, egungo euskaldunen karakterizazinoari, lan arlo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisinoari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horreetan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak planteau ditu. Amaitzeko, etorkizun ikuspegi horri buruzko konsiderazinoak egin ditu.
Jarraian, Leire Canciok, Agirre Lehendakaria Centerreko tranferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduradunak, hartu dau berbea: Lan eremuko uhinaldiari barrikuntza sozialetik so ponentziagaz. Sarasuaren hitzaldiaren gainean Agirre Lehendakaria Centerrek egindako ekarpenak emon ditu argitara, barrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren ikuspegitik.
Mahai-ingurua
Horren ostean, mahai-ingurua eta testigantza laburrez gozetako aukerea izan da da. Pilar Kaltzadak gidatu dau mahai-ingurua eta mahaiaren bueltan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Leire Okarantza, Fagor Kooperatibako Gestino Sozialeko ordezkaria eta Kike Amonarriz, Topaguneko presidentea. Besteak beste, hiru gai honeek jorratu ditue: Jon Sarasuaren gogoetea; testuinguru ekonomiko barrian euskereak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen dabizen ikus-entzuleek egindako galderak erantzun ditue.
Testigantza laburrak
Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskerea tresna lez erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen dabizen enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukerea izango da, testigantza moduan: Alea proiektuko Aritz Martinez de Lunaren, Maier S. Kooperatibako Kemen Goitiandiaren eta Agour gaztandegiko Peio Etxelekuren ahotik.
Gogorarazo, datorren astean zintzilikatuko dituela webgunean Udaltop jardunaldietako ponentzien bideoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!