OLBEk 2022ra atzeratu ditu aurtengo programako hiru obra
2020-05-14 12:38 MusikeaRossiniren kontzertua eta Anna Bolena eta Guillermo Tell operak dira.
Operearen Lagunen Bilboko Alkarteak, ABAO/OLBEk, konpromisoa hartu dau bazkideakaz, Covid-19agaitik aurten egin ezin diran obrak beste momentu baten ekarteko Euskalduna Jauregiko oholtzara. Era horretara, 2020ko programan aurreikusita egon diran ikuskizun handiez disfrutau ahal izango dabe zaleek. Hori bai, pazientzia beharko dabe, hiru obra 2022ra atzeratu ditualako OLBEk.
Era horretara, kulturea bultzatu eta osasun egoereak eragindako kalteak txikitzea lortu dau alkarteak, ohar baten azpimarratu dauenez. Kultureagaz, bere bazkideakaz eta lirikearen zaletuakaz konpromisoa dauela ziurtatu dau OLBEk. Aurten parte hartzekoak izan diran lantalde, musikari eta abeslariakaz egingo ditue hiru obrak 2022an, aldaketa bakarragaz: Anna Bolena operako sopranoa Rossiniren kontzertura pasau dabe, eta alderantziz.
Gaetano Donizzettiren Anna Bolena, Italiako konpositorearen Erreginen trilogiako lehenengo operea eta OLBEren aurtengo ikuskizun nagusietako bat, 2019-20 denporaldiko azkena izatea aurreikusita egoan hasiera baten. 2022ko zemendiaren 19, 22, 25 eta 28a dira fetxa barriak. Joyce El-Khoury sopranoak kantauko dau Ana Boleyn pertsonaia nagusiaren azalean.
La Baldufa konpainiaren Guillermo Tell, bestetik, umeentzako operea da, Rossiniren opera batetik egokitua, eta abenturaz eta ezustez betea. 2022ko urtarrilaren 3, 4 eta 5ean helduko da Bilbora.
Azkenik, Gioachino Rossini konpositore italiarraren piezen kontzertua urte horretako apirilaren 6an izango da. Pessaron jaiotako musikagile ospetsuaren obra bi interpretauko ditue: Giovanna d’Arco eta Stabat Mater, biak XIX. mendekoak, estilo erromantikokoak. Angela Meade izango da soprano nagusia.
Atzeratutako hiru ikuskizunotarako sarrerak erosi dituenek 2022ko fetxa barrietan erabili ahal izango ditue. Bestela, hiru aukera ditue: Gastautako dirua ABAO/OLBEri eginiko dohaintza legez ixtea, trukean beste ikuskizun batzuetarako bonua eskuratzea (18 hileko balioa izango dau) edo dirua berreskuratzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!