UEMAk Covid-19aren sasoian euskerea ez baztertzeko deia egin dau

Bizkaie! 2020-05-12 09:53   Euskerea berbagai

Egoerea larritzat jo, eta euskerea zero fasetik ateratzeko eskatu dau.

Azken asteotako osasun larrialdiak ezusteko biktima bat eragin dau: hizkuntza txikiak; gure kasuan, euskerea. Hizkuntza ofiziala dan arren, Covid-19aren inguruko informazinoa emoteko kartel, euskarri eta oharretan euskerea ia desagertu egin da, erderea baino ez dalako erabilten kasu gehienetan. Euskal hiztunak gitxitan hartzen dira kontuan, eta, kasu batzuetan, ganera, akatsez beteta egoten da euskerazko bersinoa. Mankomunidadeko kide diran udalek ohartarazota, lanean hasi da UEMA.

Udalen ganetik dagozan erakunde publikoetatik heltzen diran oharretan euskereari emoten jakon tratuagaitik, udalerri euskaldunak arduratuta eta hasarre dagozala zehaztu dau UEMAk, jakinarazpen, ohar eta ganerakoetan euskerea behin eta barriro zelan gitxiesten dan ikusita. Martiaren 16an, alarma egoeran be euskerea jagoteko eskaria egin eutsen UEMAk EAEko eta Nafarroako Gobernuei, eta hile bi geroago, egoereak txarrera egin dauela dinoe, benetan larria bihurtzeraino.

Etsigarria da kontseilarien eta osasun arduradunen agerraldiak ikustea, eta udaletara bialtzen dituen oharrak eta segurtasun protokoloak gaztelania hutsean jasotea, behin eta barriro, adierazo dau UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok. Hori dala eta euskerea zero fasetik berehala ateratzeko eskatu dau, osasun larrialdiko faseakaz berba-jokoa eginda. Barriro bialduko ditue gutunak erakunde guztietara. Marra gorri guztiak zeharkatzen dabiz euskereari jagokonez.

Dozenaka adibide dagozala azaldu dau Lazkanok. Eusko Jaurlaritzearen kasuan, berbarako, osasun larrialdian zelan jokatu azaltzen daben protokolo ofizial ugari erderaz baino ez ditue jaso udalek: Ostalaritzakoak, liburutegiak zabaltzearen ingurukoak, fase barriak dakarzan aldaketena... Inoiz baino gehiago erakutsi deuskue euskerea bigarren mailakoa dala eurentzat, kontu garrantzitsu eta presazkoetarako, gaztelania, salatu dau UEMAko lehendakariak.

Dana be ez da negatiboa, eta euskerea erabilteko herririk herri martxan jarri diran hainbat ekimen eredugarri txalotu ditu Iraitz Lazkanok. Udal batzuen kanpainak, Etxealditik Euskaraldira eta lekuan lekuko hedabideak aitatu ditu, besteak beste.

Hain zuzen be, alarma egoeran euskeraz sortutako kartelak batu, eta udalerri euskaldunen esku ipini ditu UEMAk, asteotan ohikoak diran ohar, esaldi eta leloak modu errazean erabili deiezen. Batez be, Bai Euskarari alkarteak sortutako kartelak eta Osakidetzak bere zentroetan erabilten dituanak sartu ditue, oraingoz, bilduma horretan. Distantzia gordeteko kartel sinple batetik ume, behargin edo bidaiarientzako aholkuen azalpen luzeetara, danetariko kartelak topauko ditue euskaldunek, euren hizkuntzan.

Ikusi Bai Euskarari alkartearen kartelak hemen.

Ikusi Osakidetzaren materiala hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu