2020ko Bay of Biscay jaialdia, bertan behera

Bizkaie! 2020-05-12 08:30   Musikea

Hellacopters eta Royal Republic egon dira kartelean, besteak beste.

Erantzunkizunagaitik, 2020ko Bay of Biscay festibala bertan behera itxi dabela jakin eragin dabe antolatzaileek ohar baten bidez. Bermeon izan da egitekoa jaialdiaren 5. edizinoa, garagarrilaren 24tik 26ra, baina Covid-19aren zabalkundea dala eta, ezin izango da. Familia handi hau osotzen daben publikoaren, langileen eta artisten osasuna babesteko, dinoe oharrean.

Egitarau potoloa atontzen hasita egon dira antolatzaileak, jaialdia bertan behera ixteko erabagia hartu dabenerako. Esate baterako, nazinoartean izen handia daben The Hellacopters, Eli Paperboy Reed, Royal Republic eta Cobra berbatuta izan ditue Bermeora etorteko. Erositako sarreren diru guztia modu automatikoan bueltauko deutsee zaleei, erosketea egiteko erabilitako kontu korronte berera.

Aurtengoan huts egin arren, 2021eko edizinoa preparetan hasiko dirala agindu dabe antolatzaileek: Ez gara hemen geratuko, datorren urteko edizinoa egiteko betiko ilusinoagaz eta gure nortasuna osotzen daben baloreakaz segiduko dogu lanean. Jaialdiaren ardatzei eutsiko deutsie, hau da, hurreko merkataritzea, produktuaren eta hurreko eszenearen garapen jasangarria, turismo jasangarria eta ingurugiroaren zein gizartearen aldeko erantzunkizuna.

2016an egin eben lehenengo aldiz festibala, Mundakan, eta urteroko hitzordu bihurtu da. Musikeak ez eze, gastronomiak, aisialdiak eta Busturialdeko kultureak be lekua dabe jaialdian. Igaz lekuz aldatu eben, Bermeora, eta Bay of Biscay izen barria ipini eutsien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu