Bilbok 50 neurri baino gehiagoko 15 miloe euroko plana onartu dau

Bizkaie! 2020-05-11 12:01   Pil-pilean

Gizarte-kohesinoa, ekonomia eta enplegua eta kulturea sustatzea dira asmoak.

Bilboko Udalak #Bilbaoaurrera, Gizarte Kohesinorako, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko eta Bilboko Kulturearen aldeko Neurrien Plana onartu dau, COVID-19ak eragindako egoereari aurre egiteko. Asmo handiko plan horren aurrekontua 15 miloe eurokoa da, urte honetan bertan abiarazoko diran salbuespenezko 50 neurriren inguruan antolatuta. Agiri honek arreta berezia emon deutse Bilboko personaeta enpresei, batez be, merkataritza txikiari, ostalaritzeari eta jatetxeei, baita turismoari eta kultur eta sormen industriei be.

Plana azken asteotan landu dau Udal Gobernu Taldeak; Udaleko talde politikoakaz osotu eta adostuta eta beste erakunde batzuekaz koordinauta. Gainera, hainbat batzar egin dira krisiaren eragina zuzenean sufridu daben sektore eta eremu profesionalakaz: merkataritzea, ostalaritzea, kultura...

COVID-19aren pandemia hasi zanetik, hauxe da Udalak egin dauen lehenengo ekitaldi instituzionala, apirileko udalbatzarraz gan eta modu erdi-presentzialean egin da, streaming bidez, segurtasun neurriak betetzearren.

Plana sinatu ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak bertan batutako gakorik garrantzitsuenak azaldu ditu, izan be, Planak 15 miloe euroko aurrekontua dau, Udalak osorik ordaindutakoa, hiru eremu zehatz honeei bideratuta: Gizarte-Kohesinoa (2,2 miloe baino gehiago), Ekonomia eta Enplegua (11,4 miloetik gora), eta Kulturea (1,3 miloe baino gehiago).

Bilboko udalburuak azaldu dauenez, salbuespeneko eta behin-behineko jarduketa-neurriak dira, 2020ko ekitaldian aplikau beharrekoak, epealdirik gogorrena izango dalakoan; gainera, neurri horreek guztiak beste administrazino batzuek sortutakoakaz koordinau eta osotuko dira.

Daturik garrantzitsuenen artean, berariaz nabarmendu behar da Plana kalte gehien jaso daben sektoreei egokitzeko asmoa: bertoko merkaritza txikia, ostalaritzea eta jatetxeak, turismoa eta kultur eta sormen industriak. Ekintzok zenbait zeharkako printzipioen arabera antolatu dira: malgutasuna eta egokitzeko ahalmena; baliabideen inpaktu handiena bilatzea; inbersino eta gastuaren arteko orekea, personen beharrizanei erantzunez baina uriaren inbersino estrategikoen indarra galdu barik; barruko nahiz kanpoko digitalizazinoa indartzea eta beste erakunde eta uri batzuekaz batera lan egitea eta parte-hartzea indartzea (lankidetza publiko-publikoa eta publiko-pribatua), betibe 2020rako aurreikusita egoan Garapenerako Lankidetzarako laguntzen ehunekoari eutsiz.

Modu berean, epe ertain eta luzeko beste arlo eta planteamendu estrategiko batzuetan lan egiten jarraitu gura dogu, egoereari bueltea emateko asmoz.


Kulturea

- Kultura bonua: 500.000 €.

- Espazio publikoan kultur eta sorkuntza industriei lotutako jarduerak sustatzea, auzoetan bizitasuna sortzen dabenak: 300.000 euro.

- Bertoko kultur merkataritzea sustatzea, lokalen barruan formatu txikiko jarduerak eginez: 100.000 euro.

- Artistak koronabirusaren kontra proiektua: 100.000 euro.

- Ikus-entzunezko produkzinoen sektorea babestea, uria sustatzeko ikus-entzunezko funtsa sortuz: 100.000 euro.

- Kultur proiektuen poltsa berezia: 200.000 euro.

- Harrobia produkzino eszenikoko barrikuntza-zentroari zuzendutako aparteko babesa: 28.000 euro.

- Kultura Sailak uriko kultur alkarteei emondako dirulaguntzinoei eustea.

- Bertan behera geratu diran eta bertoko kultur eragileei eragiten deutsen jarduerak barriro programetea.

- Udalaren kultur ekipamenduek bertoko kultur eragileen eta euskal kultur produkzinoaren aldeko konpromisoari eustea.


Ganerako arloetako informazino gehiago hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu