Bilboko Koral Alkartea (ber)aktibazino-fasean

Bizkaie! 2020-05-11 08:05   Musikea

Bilboko ahotsak barriro entzuten dira hemen, han eta edonon.

Bilboko Koral Alkarteak mende bat baino gehiago daroa abesten, belaunaldiz belaunaldi. Alabaina, joan dan martiaren 13an, ha osotzen daben ahotsak mututu egin ziran. Edozein familia-taldetan legez, kasu honetan kide ugari-ugarikoa, mezuak, audioak, bideoak, memeak... egunero bialtzen jarraitu dogu baina alkar ikusteko eta entzuteko gogoa handiegia da eta aurrez grabautakoa ez da nahikoa.

Hari-arduradunek koordinauta, masa koral handia ahotsetan banatzeko, koralisten eztarriek dar-dar egin dabe barriro eta etxetik etxera dagoan distantzia murriztu egin da. Zailtasun logistikoak konponduta, partiturea PDF formatoan jasota eta astean bitan, taldeko bideo-dei bat gazteen eta helduen koruko kideen gailuetan sartzen da. Lehenengoek errepertorioa irakurten dabe, zuzendariaren azalpenei adi, izan leikiezan zailtasunak konpontzeko; bigarrenek Fauréren Requiema errepasetan dabe, laster barru agertokian abestuko dabelako, besaulkien herena baino ez beteta, hori bai. Pandemiaren biktimen omenezko kontzertu hori, ateak zarratuta, 360 º graduko kamera bati esker eskainiko da Forum Fair Satuday-ren amaiera-ekitaldian, bagilaren 21ean, Musikearen Europako Egunean, hain zuzen be.

Era berean, online entzunaldiak deitu ditue Alkarteko koruetan sartu eta koru birtualen sorkuntzan parte hartzeko. Koru mistoak Eñaut Elorrietak eta Fernando Velázquezek berrogeialdian sortutako Harbide zilar bat abestian parte hartu dau. Euskeria gazte-koruak Ama kuraia antzezlaneko aktoreakaz bat egin dau, María Goiricelaiaren zuzendaritzapean, alkarregaz Forever Young kantetako, martian Arriaga Antzokian egitekoak ziran legez. Azkenik, Umee Koruko ahots samurrek gogoratu deuskue eguna gris egon arren eguzkiak urtengo dauela, Annie filmeko Bihar abestiaren bidez. Kutsu emozional handiko hiru bideo horreek YouTubeko bere kanalean jarri ditu Koral Alkarteak, konfinamendu-egun honeetan publiko guztiak gozau daizan.

Oraindino denporea falta da familiaren etxean batu eta energiaz gozau ahal izateko, ez sortzen ez suntsitzen, momentu bakotxera egokitzen dan energiaz baino. Ehun urteko erakunde honek kantetan segiduten dau, agertoki ezezagunagoan, baina laster bere egingo dau. Koral Alkartea 2.0, hemen, han eta edonon entzuten dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu