Cristina Pascual: 'Zorrotzaurre auzoa birsortzen eta indartzen gabiz'.
2020-05-11 07:55 BarriketanhACERIA Arteak - Zwapeko komunikazino arduraduna.
hACERIA Arteak, Bilboko Zorrotzaurren 21 urte inguru egin dituan sorkuntza, esperimentazino eta erakusketarako erabilera anitzeko esparrua, grabaketa musikalak egiteko, bideoklipak edota antzezlanetarako bideo promozionalak grabetako zein bestelakoen topagune izan ostean, behera bota eta denporatxua beharko da egoitza barria zabaltzeko.
COVID-19 pandemiak bazterrak astindu ditu, kulturea hankaz gora dago, ERTE eta holakoak be ezarri behar izan ditue baina indar eta ilusino handiagaz dabiz lantaldean eta aurrera egiteko pozarren dagoz.
1.- ERTE eta enparauak aitatu doguz eta ezer baino lehen jakin gura geunke zelan biziten zagozen saltsa hau guztia?
Momentu honetan ERTEan nago. Espazioak zarratu behar izan genduzan pandemiaren eraginezko alarma egoereagaitik eta martiaren 13tik aurrera zarratuta egon gara. Maila personalean, ondo nago, etxean, nire burua eta ondokoak jagoten, ZAWPera bueltetako gogoagaz, hACERIA Arteak alkartearen ZAWP programea lehentasuneko jardueratzat ezagutua izan da.
2.- 20 urte baino gehiago martxan izandako lekua da hACERIA Aretoa. Zerk eraginda sortu zan? Gitxi-asko zeintzuk dira berezitasunak eta helburuak?
Gaur egun desagertutako Juan Antxieta Arte eszeniko, jantza eta musika eskolako ikasleen sortzaileen ikuspegia Bilboko 90. hamarkadako lehen eraldaketa-prozesuan inspirauta dago. Bilbo eraldatu zanean, Euskalduna Ontziolea kultura eta ekitaldietarako edukiontzi handi bihurtuko zan modu berean, alkarte honek proponidu ebana zan Deustuko Erriberako eta Zorrotzaurreko ontziolak arte, kultura eta teknologia-tailer bihurtzea.
Eskolan sortzen zaen energia elikatzeko alkartea sortu eben eta urtebete aurrerago, publikoarentzako edegi eben espazio zaharbarritu hau; hACERIA izena erabagi eben, hacer aditza (egin) eta acería (altzairu-fabrikea) berbakaz jokua eginez. Deustuko Erribera-Zorrotzaurren kokatutako antxinako zerrategi bat izan zan, euren helburuei koherentzia emoten eutsen aurreikuspenak beteten zitualako. Asmoa zan Bilbon sortzaileen sare bat sortzea eta lankide gazteei lan-aukerak ahalbidetzea eta, holan, urian talentua atxikitzea.
3.- Zorrotzaurren zer datorren badakigu baina hACERIA behera botateko prozesua zelakoa izan da?
hACERIA Aretoak bere ateak zarratu zituen 2019ko maiatzean. Alkartean bagenkian aretoa itxi behar genduaela, Zorrotzaurreko Masterplan faseen aurrerapenagaitik eta, agur esateko programazino berezia atondu genduan hilebete horretan: flamenco club-aren ikuskizunak, So in Love cabaret-a antolatu genduan funtzino ezbardinakaz, jazz kontzertuak, antzezlanak... Hilebetean 20 urte sartzen saiatu ginan +de20 denporaldi honetan.
4.- Egoitza barria zelakoa izango da? Non egongo da?
2019an espazio barrietara mobidu ginan, lehen aitatutako Masterplanaren aurrerapena dala eta. Momentu horretan, Zuloaga margolariaren kalean kokatu ginan, islaren erdialdean, gitxi gorabehera. Izatez espazio bi dira eta hor gabiz beharrean; batetik, La Nave Va, coworking espazioak, taberna, eszenatoki, galeria, saloi eta hACERIA Alkartearen bulegoak dagozan espazioa da eta, bestetik, La Terminal, 2500m2-ko pabilioi handia, ikuskizun, kontzertu, konferentzia eta jarduera handietarako lekua. La Terminal-eko lehen pisuan, antxinako lantegi honen margoketa-gelea egoan aretoan, La Calde areto barria kokatuta dago. hACERIA Aretoaren magia edo esentzia berreskuratu nahi dauen espazio txikia eta erosoa da hau. La Calde deitu deutsagu, aurretik egoen lantokiaren omenez, Estampaciones y Calderería.
5.- ZAWP, Zorrotzaurre Art Work in Progress, 2008an sortu zan hACERIA Aretoaren ekinbidez, ikerketa, sormen eta produkzino artistikorako laborategia, baita barrikuntza eta ikaskuntza kolektiborako plataformea be. Ze jarduera bideratzen dozuez? Zeintzuk dira helburuak?
Aukerak aprobetxetea sustatzen eta errazten dogu, espazio zaharren erabilera barrietatik abiatuta, sorkuntza eta barrikuntza-ekimenetarako; holan, artista, ikertzaile eta sortzaile barriei euskarri espaziala emoten deutsegu, ekimen propioak jorratu deiezan eta horreek, aldi berean, bizitza eta gorabehera bako, hutsal geratutako espazioak berraktibetan ditue. Aldi berean, auzoaren birsorkuntzan eta indartzean lan egiten dogu, Zorrotzaurre - Erriberako egungo errealidadea ikustarazoten eta balioa emoten. Gure jarduerak gure programazinoan islatzen dira, club finkoen emonaldiakaz, besteak beste, Flamenco club Haceria, baita gure zawpen antolatzen diran jarduerakaz: ukedadak, tailerrak, ikastaroak, kontzertuak... Domekero artisautza, antxinako altzarien eta bilduma aleen merkatua be antolatzen dogu.
6.- Amorencuarentena webgunea da orain kanala, irakurketa dramatizaduak, marrazki, erretratu zein bideoen gunea. Zer eskaintzen dozue? Dana online?
Amor en Cuarentena konfinamenduan sortutako ekimen artistiko eta soziala da. Bertan, danetariko zerbitzuak eskaintzen doguz: marrazkiak, artelanak, abestiak igon eta konpartiduteko sare sozial bat, edo elkarrizketa telefonikoetarako (jente barria ezagutzeko) zerbitzu bat Telegram bidez. Azpimarratzekoa da borondatezko lan artistikoa dala gurea, artista ezbardinez osotutako sarea, Gurutze Gorriaren laguntzinoa ahaztu barik, telefono bidez poesia eta literaturea errezitetako zerbitzu bat sortu da. Momentu honetan, 16 artista baino gehiago dira eta aktibo dabiz.
Egun, ADR programea, online gauzatzen da baina konfinamendua pasau ostean, espazio kulturalak edegiten diranean, barriketaldi - topaketa hau, zuzenean eta online, aldi berean, egingo da, La Calden. Ukaezina da digitalizazinoak izan dauen eragina egunotan eta, horren ondorioz, programa hau internet bidez transmitiduko da aretotik bertatik.
7.- Erretratuaren indarraren parean, telefonoz barriketaldiak be bideratzen dozuez. Zer lortu gura dozue ekimen horregaz? Zein da prozesua?
Jente barria ezagutzeko kanal bat edegi dogu, besterik ez. Formulario baten bidez, zure preferentziak ezarri eta hortik aurrera, Telegram erabiltzaile izena emonda (modu pribatuan egiten da, izenik emon barik, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko), atariak beste persona bategaz kontaktuan jarten zaitu. Alkarrizketea, hortik aurrera, personen esku geratzen da...
8.- Oso oker ez bagagoz, webgunean lantzen dozuen danagaz areto barrian erakusketa bat egitea da asmoa. Zeintzuk izango dira erakusketa horren gorabeherak edo ezaugarriak?
Maiatzaren 30ean eta 31an izango da erakusketa jardunaldi hau, ZAWP espazio barrietan. Webgunean jasotako argazki, marrazki, olerki, audio eta istorioez osotuta egongo da. Aintza Uriarte artistea, pieza barri bat lantzen dabil momentu honetan eta geugaz izango da egun honeetan. Merkatu txiki bat antolatzeko asmoa be badaukagu, beti distanzia eta segurtasun arauak bermatuz, baina hori ez da arazoa guretzat, 2500 m2ko espazioa baitogu!
9.- Bestelako erronkarik nabarmenduko zeunke etapa barrirako?
Fase barri honetan 17 GJHak (Garapen Jasangarrirako Helburuak) lantzen gabiz, programazino, ekintza eta beka artistikoen bidez. Estiba Sormen Bekeak, Kultura eta Sormen Industrien artista eta langileen hobekuntza eta profesinalizazinoa dau helburu, baita aitatu helburuak zabaltzea be.
Beste apustu bat fase honetarako jantzak eta musikea litzatekez, izan be, jantza espazio erraldoia atontzen gabiz La Terminal-en.
10.- Egoitza barriaren inaugurazinorako ekitaldi berezirik pentsau dozue?
La Calde martiaren 7an inaugurau genduan, pianista batek eskaini euskun saio ederragaz eta Club Flamenco hACERIA-ren kontzertuagaz. Zoritxarrez, egun batzuk aurrerago zarratu egin behar izan genduan aretoa... Baina jenteak jakin daiala buru-belarri beharrean gabizela inagurazino barrirako eta sorpresaz beteta egongo dala saioa!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!