Ekonomia eta kulturea suspertzeko 15 miloe euroko plana Bilbon

Bizkaie! 2020-05-08 11:48   Kulturea

Salbuespenezko 50 neurri adostu ditue Udaleko talde guztiek.

Artistak kalean, Rekalde auzoko Zirkualde jaialdian (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Larrialdi sozial, kultural eta ekonomikoko #Bilbao Aurrera plana onartu dau Bilboko Udalak, ordezkaritzea daben talde politiko guztiakaz adostuta (EAJ, PSE, EH Bildu, Podemos-Berdeak-IU eta PP), Covid-19ak uriko persona eta enpresei eragindako kaltea arintzeko asmoz. 15 miloeko inbersinoa izango da, 50 neurri berezitan banatuta.

Asmo handiko plan hau azken aste biotan landu dau Udal Gobernu Taldeak, talde politikoakaz adostuta eta hareen ekarpenakaz osotuta, eta beste erakunde batzukaz koordinauta. Ganera, batzarrak egin ditue osasun krisiak gehien kaltetutako sektoreetako ordezkariakaz: Merkataritzea, ostalaritzea, kulturea eta abar. Udaletxeko Areto Arabiarrean egin dabe aurkezpen ofiziala, baina segurtasunagaitik, erdi-presentziala izan da.

Kontuak kontu, urian jarduerea bultzatzeko neurri ugari ekarriko ditu planak. Juan Mari Aburto alkateak zehaztu dauenez, ekonomia eta enplegua suspertzera bideratuko da dirurik gehien, 11,4 miloe euro. Gizarte-kohesinoan inbertiduko ditue beste 2,2 miloe eta, azkenik, kulturearen sektoreari egokitu jakoz 1,3 miloe. Edozelan be, plan honetako neurriei beste erakunde batzuek martxan jarritakoak gehitu ahal izango jakez.

Arlo ugaritan eragingo daben arren, planaren barruko ekintza guztiak ardatz berberen inguruan antolatu ditue. Lehenik eta behin, baliabideak ahalik eta inpaktu positiborik handiena eragiteko moduan erabiltea eta malgutasunez jokatzea, unean uneko beharren arabera. Bestetik, personen beharrei erantzutea, baina uriaren inbersino estrategikoak baztertu barik.

Gizarte kohesinoaren atalean, batez be, egoerarik txarrenean dagozanei laguntzea izango da helburua. Diru-sarrerarik ez daukienei babes ekonomikoa emongo deutsie, eta modu berezian begiratuko deutsie edadekoen eta umeen kasuei. Kalean bizi diranei etxeren bat topetako laguntzinoa emongo deutsie. Indarkeria matxistea jasan daben emakumeentzat eta harrera-etxeetan dagozanentzat be gorde da aurrekontuaren zati bat.

Ekonomiaren atalean, enpresek lau bizgarri izango ditue eskura: Zergak merkeago, hobariak udal tasetan, zorra geroratzea eta nahierako ordainketarako zerbitzua. Horrezaz gan, ekonomia eta enplegua bultzatzeko 30 neurri inguru dagoz, esate baterako, diru-laguntzinoak, erosketa-bonoak, ordutegi malguagoak, laguntzino teknikoa eta kontratazinorako laguntzinoa.

Azkenik, kulturearen alorrean, profesionalei zein zaleei mesede egiteko neurriak jaso ditue. Miloe erdi euro erabiliko ditu Udalak kultura-bonu bat sortzen, eta beste 300.000 espazio publikoan ekintza kulturalak eta sormenezkoak antolatu daitezan.

Hainbat poltsa sortuko ditu Udalak kulturgintzan: Artistak Koronabirusaren Kontra proiektua (100.000 euro), ikus-entzunezko sektorearena (100.000), kultur proiektuena (200.000) eta Harrobia barrikuntza zentroarena (28.000). Covid-19aren aurretik adostutako diru-laguntzinoei eusteko konpromisoa be hartu dau Udalak, eta bertan behera itxitako programazinoa laster berreskuratzen ahaleginduko da.

Juan Mari Aburtok adierazo dauenez, salbuespenezko eta behin behineko neurriak dira #Bilbao Aurrera planeko guztiak. 2020an egongo dira martxan, Covid-19ak eragin gehien izango dauen urtea izango dalakoan. Halandabe, alkateak aurreratu dau epe ertain eta luzeko beste plan batzuk sortzeko lanean be badabizala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu