Karmele Jaiok irabazi dau 111 Akademiaren Saria

Bizkaie! 2020-05-08 10:05   Kulturea

Aitaren etxea nobeleak jaso dau akademiakideen boto gehien.

Karmele Jaio, 'Aitaren etxea' aurkezteko ekitaldian (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiru boto-txanda behar izan ditue, baina 111 Akademiako kideek azkenik erabagi dabe 2019ko liburu onenaren saria nori emon: Karmele Jaiori, Aitaren etxea elebarriagaitik. Azken itzulian Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak izan dau lehiakide Jaioren liburuak. Uxue Alberdi, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde bikotea, eta Itxaro Borda be izentauta egon ziran bigarren itzulian.

Gaur egun 201 kide ditu 111 Akademiak, eta 114k hartu dabe parte botazinoetan. Bigarren aldiz aukeratu dabe Karmele Jaio, ze 2006an be sari hau irabazi eban, Amaren eskuak liburuagaitik. Hortaz, 111 Akademiaren Saria bi bidar irabazi dabenen talde txikian sartu da Jaio, lehenengo emakumea da moltso horretan. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira besteak.

Maskulinidadea eregiteko eta transmitiduteko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan dauen eraginaz idatzi dau Karmele Jaiok Aitaren etxea nobelan, baita familietan sortzen diran isiltasun esanguratsuez be. Sekula baino anbizino gehiagoz, lurralde ezezagun batean sartu da Jaio, eta bertatik arrakastaz bueltau. Akademiakide batek zera idatzi dau, literaturea heldutasunera iritsita topauko dauela irakurleak lan honetan.

Covid-19aren zabalkundeak ezarritako neurri bereziak dirala eta, aurten ezin izango da aurrez aurreko ekitaldirik egin Karmele Jaiori saria emoteko. 111 Akademiakoak aztertzen dabiz saria emoteko ze beste modu egon leiteken.

111 Akademiaren Saria 1996an sortu eban Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, euskal irakurleari literaturearen plazan berbea eta protagonismoa emon asmoz. Joxean Agirreren Elgeta izan zan lehenengo irabazlea. Hasieran Beterriko Liburua izena eukan sariketeak, eta 2011tik daroa oraingo izena. Dagoeneko 24 aldiz emon dabe saria eta, beraz, datorren urteko edizinoa 25.a izango da.

Azken urteetako irabazleak Kirmen Uribe (Elkarrekin esnatzeko ordua, 2016), Uxue Alberdi (Jenisjoplin, 2017) eta Harkaitz Cano (Fakirraren ahotsa, 2018) izan dira. Karmele Jaio sartu da orain zerrenda horretan, 2006an egin eban legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu