Euskadiko uda kulturala bagilaren 1ean hastea proponidu dabe

Bizkaie! 2020-05-08 08:11   Kulturea

Edegiko dira Euskadiko museoak, kulturguneak, liburutegiak, irakurgelak, zinema-aretoak...

Iñigo Urkullu Lehendakariak proposamen bat aurkeztu deutse hiru diputadu nagusiei, uriburuetako alkateei eta Eudeli, udan kultura-ekitaldiak, jai-ekitaldiak eta bestelako jarduera soziokulturalak antolatzeko erispide zehatzak jasoten dituana.

Eusko Jaurlaritzearen helburua da erispide horreek bagilaren 1etik aurrera ezartzen hastea eta ondorioz, data horretatik aurrera hasiko litzateke Euskadin uda kulturala. Dokumentua Osasun Sailaren txosten gehigarri baten zain dago, Eudelek eskatuta; izapide hori gainditu ondoren, erispide horreek Bizi Barrin integrauko dira, Eusko Jaurlaritzearen Normaltasun Barrirako Transizino Planean.

Lehendakaritzan egindako bileran izan dira Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak diputadu nagusiak; Gorka Urtaran, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; eta Eneko Goia, Donostiako alkatea. Lehendakariak azaldu dauenez, euskal erakundeek asteak daroez lanean datozen hilebeteotako bizimoduaren nondik norakoak aztertzen eta lantzen. Joan dan apirilaren 23an iragarri eben lez, beste gai batzuen artean, alkarlanean ibili dira kultur ekitaldiak, jai herrikoiak eta bestelako ekimen soziokulturalak egin ahal izateko baldintzak.

Arratsaldeko bileran, erakundeek ekarpen barriak egin deutse dokumentu horri eta Eusko Jaurlaritzeak konpromisoa hartu dau datorren astelehenerako erantzuna emoteko, Osasun Sailaren oneretxiagaz.


Hainbat arlo

Dokumentuaren helburua da erakundeen artean erispide argi eta zehatz batzuk finkatzea, modu adostuan. Erakundeek adostutako neurriek honako arlo honeek hartuko ditue: Museo eta erakusketa aretoak; kultura jaialdi jentetsuak; kirol ikuskizun jentetsuak; ospakizunak; hondartza, ugerleku eta parkeak; udalekuak; liburutegiak, ikasgelak eta liburu azokak; kirol azpiegiturak eta ikastaroak; erlijino jarduerak; herrietako jaietako antzerki emonaldiak leku zarratuetan; kaleko ikuskizunak (antzerkia, musikea eta zirkua); txosna eta taberna ez profesionalak.


Adostutako neurriak

- Edozertarako oinarri nagusia izango da personen artean gitxieneko tarte bat egotea, baita personen joan-etorrietan pilaketak ebitetea be.

- Garbitasun arauak zorrotz bete eta betearazotea.

- Personen joan-etorriak, tarte fisikoa eta garbitasuna bermatuko daben jardunak baino ez litzatekez antolatuko. Euskal erakundeok ez dogu antolatuko edo babestuko neurri horreek bermatu ezin dituen ekitaldi, emonaldi, jai, jaialdi, jardun edo ikuskizunik.

- Bertan behera geratzen diran ekimenen ordez, bizitza soziala, kulturaeren konsumoa eta aisialdia posible egingo daben ekimenak bultzatu eta antolatu behar ditugu euskal erakundeok.

Erispide horreek kulturearen, kirolaren eta aisialdiaren arlo ezbardinetako ordezkariakaz egin diren bileretara eroan eta kontrastea egin dabe. Prozesu horren ondorioz protokolo zehatzak finkatu dira, oraingoz, museotarako, liburutegi eta ikasgeletarako, zinema-aretoetarako eta kirol emonaldietarako. Erakundeen helburua da protokolo horreek arlo guztietan adostu eta Osalanera bialtzea, bakotxak bere fitxea izan daian, Lan eta Osasunaren arloko prebentzinoari lotutako berme osoa izan deien.

Eusko Jaurlaritzearen helburua da erispideok bagilaren 1etik aurrera indarrean sartzea; beraz, egun horretan hasiko da Euskadiko uda kulturala: edegiko dira Euskadiko museoak, kulturguneak, liburutegiak, irakurgelak, zinema-aretoak eta hasiko dira antolatzen, apurka-apurka, kultur saioak, beti be osasun eta segurtasun baldintzetan. Maiatza erabiliko da arloz arlo erispideak beteko dirala bermatzeko.

Erispideak jaso dituan dokumentua bizia izango da eta eten barik eguneratuko da, gaixotasunaren bilakaerearen arabera. Behin erispide horreek ezarrita, erakundeen ardurea izango da horreek betearazotea. Erakunde bakotxaren ardurea izango da, bere eskumenen arabera, erabagi zehatzak hartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu