Atzerrian euskera irakasle izateko trebakuntzea, aurrera

Bizkaie! 2020-05-07 10:40   Euskaldunak munduan

Osasun larrialdiagaitik, online eskaintzea indartuko dabe.

Urtero, udan eta udagoienean, Etxepare Institutuak eta EHUk trebakutza ikastaroak antolatzen ditue, atzerrian euskerea eta euskal kulturea erakusteko asmoa dabenentzat. Covid-19ak eragindako osasun larrialdiak, baina, hankaz gora jarri dau aurtengo plangintzea, aurrez aurreko klaseak osasunerako kaltegarriak izan leitekezalako. Hori ikusita, ikastaroen antolatzaileek ohar baten esan dabe trebakuntzea egin egingo dala, berme guztiak beteta.

Eskaintzeari eutsiko deutsien arren, baldintza batzuk aldatu egingo ditue, osasun egoera barrira egokitzeko. Esate baterako, orain arte klase presentzialen bidez emon diran ikastaroak online egiteko aukerea zabalduko dabe. Bikaintasuna Euskal Ikasketetan izeneko kursoaren 10. edizinoa Miramar jauregian izango da, udan, eta nahi dauenak etxetik egin ahal izango dau. Matrikulea egiteko epea maiatzaren 20an hasiko da.

Egun biko ikastaro trinko hori Donostiara joan barik egin nahi dabenek streaming bidez entzun ahal izango ditue saioak, eta internet bidez jasoko ditue baliabideak. Urtero gai bat jorratzen dabe ikastaroan, aurten aniztasuna izango da, eta arlo horretako adituek hartuko dabe parte.

Udagoienean, ostera, izakeraz luzeagoa eta estensiboagoa dan beste ikastaro bat antolatzen dabe urtero EHUk eta Etxeparek, kasu horretan be atzerrian euskal kultura eta euskera irakasle izan nahi dabenentzat. Gasteizko kanpusa da ikastaroaren egoitzea. Antolatzaileek azaldu dabenez, aurten formatu hibridoa probauko dabe, hau da, klase batzuk aurrez aurrekoak izango dira eta beste batzuk internet bidezkoak. Aurrerago zehaztuko dabe gehiago, osasun egoerea nondik nora doan hobeto ikusi ahala.

Ikastarook funtsezkoak dira kanpoko unibersidadeetan euskerea eta euskal kulturea landuko daben irakurleen lantaldea zabaltzeko eta formakuntza egokia emoteko. Gaur egun, Euskal Herritik kanpo, Etxeparek babestutako 35 irakurletza dagoz, baita euskal gaietan sakontzeko bederatzi katedra be. 29 irakasle dabiz momentu honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu