Konfinamenduan sortutako kantua aurkeztu dau Izarok

Bizkaie! 2020-05-07 09:05   Musikea

Bideoklipa etxean grabau dau.

Etxean sartuta egotea gustuko dau, berez, Izaro Andres abeslari mallabiarrak, baina konfinamenduak ezinegona eragin deutso, Limones en invierno disko barria aurkezteko birea bertan behera itxi behar izan dauelako, kontzertu gitxi batzuk jota. Gitxienez uda ostera arte itxaron beharko dauenez zuzeneko emonaldiei berrekiteko, Covid-19ak ekarritako itxialdia aprobetxau dau abesti barri bat sortzeko: Tiempo ausente.

Egoera berezi baten egindako kantua danez, sentimendu bereziak agertzen ditu. Batez be, konfinamenduak eragindako egoera emozionala jorratzen dau Tiempo ausente-k, Izaroren ohiko estiloan. Sormen guztia etxean egin dau mallabiarrak, abestiaren berbak eta melodia tartean.

Bideoklipa be badakar kantu barriak. Itxialdia dala eta, ezin izan dau grabazino normala egin. Hartara, musikari bakotxak bere etxetik jo dau musikea, Izarok be etxetik kantau dau, eta dana batu dabe gero. Bideoan agiri diran irudiak etxean bertan grabau ditu abeslariak, eguneroko biizmoduko jarduerak, logelea, altzariak... erakutsita.

Itxialdian grabautako irudiak aurreko kontzertu batzuetako eszena labur batzukaz tartekatu ditu Izarok. Kantua eta bideoklipa interneten estreinau ditu, eta zaleen erantzuna bikaina izan da, erreprodukzino kopuruaren zein eretxien aldetik.

Limones en invierno diskoa aurkezteko birea Mexikon hasi eban Izarok martian, baina berehala itxi behar izan eban bertan behera, Argentina eta Txilera joan aurretik. Besteak beste Donostian, Bilbon eta Iruñean hitzartuta izan ditu emonaldiak, eta Kursaaleko kontzertu bietako sarrera guztiak salduta. Seguruenez, udagoienean segidu ahal izango dau bireagaz. Tiempo ausente plazaratuta, itxialdiaren sensazinoak azaleratzeaz gan, oholtzara bueltetako momentua hurrago ikusten dauela adierazo dau Izarok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu