Emakumeek esku hartuko daben Kontsejua sortzeko dekretua onetsi dabe
2020-05-07 08:13 Pil-pileanKontrako boto barik onetsi dabe.
Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Batzordeak, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontsejua sortzeko zezeilaren 18ko 17/2020 Foru Dekretua berretsi dau. Aurkeztutako 13 zuzenketa-eskeen artetik bederatzi jasoten dituan testuak Bizkaiko Batzar-etako talde guztien aldeko eretxia jaso dau. Dana dala, EH Bilduk botazinoan abstenzinoaren alde egin dau.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasun Foru Diputadua arduratu da partaidetzan oinarritutako prozesu luzearen ostean sortutako Kontsejuaren zehetasunak azaltzeaz: 50 alkarte feministak eta emakumeen erakunde mistok emakumeen eta gizonen bardintasuna lortzen lagundu ahal izango dabe, euren ekarpen, iradokizun eta ideakaz. Koletiboak ez dau erabagiteko gaitasunik izango, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk gura eben moduan, konsultarako organoa izango da, partaidetza politiko bakoa, eta Aldundiko Bardintasun Zuzendaritzearen esku egongo da.
Batzarretako talde guztiak pozik agertu dira organoa eratu dalako, baina ñabardurakaz:. Eduardo Andradek (PP), Araua beste Aldundi biakaz bateratzea eskatu dau eta Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk alderdi politikoek kontsejuan ahotsa, baina ez botoa eukitea eskatu dabe, hau da, bere erabagiak Aldundiarentzat lotesleak izatea. Ganerako taldeak eskariaren kontra agertu dira. Eva María Cabornero talde morearen ordezkariak kritikau egin dau, ganera, kontsejuaren eraketea berandu heldu dala, 2018ko bagilean onetsi zan Bardintasunerako Foru Arauak sei hilebeteko epealdia ezarten ebalako kontsejua eratzeko eta urtebete eta hamar hilebete igaro dira.
Kontuak kontu, talde guztiak pozik agertu dira kontsejua sortu dalako, Foru Gobernua eusten daben taldeak, batez be. Jeltzaleek eta sozialistek adierazo dabenez, egindako beharra parte-hartzailea, luzea eta edegia izan da eta horri esker, emakumeen alkarteen eskariakaz bat egiteko organo erabilgarria sortu ahal izan da, Aldundiak datozan urteetan aurrera eroan beharko dauen genero politikea bideratzeko balioko dauen organoa, hain zuzen be.
COVID-19
Teresa Laespada diputadua bere sailak koronabirusaren krisian martxan jarritako ekimenen barri emoteko be etorri da saiora, EH Bilduk eskatuta. Izaskun Duque batzordekideak indarkeria matxistako egoeren, behargin sexualen egoerearen, zentroetako zerbitzuak baztertuta geratzeko arriskuan dagozan personen egoerara egokitzearen, babeserako materialaren, diagnostikorako egin diran testen, positibo kopuruaren, kalean bizi diran etorkinen eta etxe bako personen ganean itaundu dau.
Berbaldiaren hasieran Laespadak bere kudeaketea defendidu dau eta bere sailak, krisiaren hasieratik, komunikazino eta kudeaketa arloan egin dauen edegiera eta gardentasun beharra txalotu dau. Haren berbetan, krisiak eragin berezia izan dau etxe behartsuetan eta gizarte bazterketa egoeran egozan personakana. Krisiaren eragina ez da amaitu, eta shock soziala eta politikoa jazoteko arriskua dago. Momentuz, Bizkaian, eragin horrek 78.061 lanbako itxi ditu apirilaren 30ean, % 7,42 gehiago, eta 100.000 persona baino gehiagorengan eragina daben 13.456 ERTE onetsi dira.
Horren ostean, arduradunak bere sailak Covid-19ari aurre egiteko hartutako 27 neurriak azaldu ditu. Neurri horreek beste administrazino batzuekaz eta hirugarren sektoreagaz koordinauta hartu dira; Gizarteratze zuzendaritzan, 500.000 euroko kostua izan daben 63 plaza barri egokitu dira, indarkeria matxistea jasan daben emakumeak, urritasuna daben personak eta koronabirusean positiboa emon daben eta sintoma arinak dituen kasuak babesteko. Norberaren babeserako materialaren eta diagnostikorako testen arloan, Laespadak autortu dau Aldundiak beste batzuek izan dituen arazoak izan dituala osasunerako material hori lortzeko, baina hori daborduko gaindituta dagoala. Adierazo dauenez, bere saileko beharginei eta erabiltzaileei test azkarrak egin jakez, osasun arloko protokoloari jarraituz eta 3 positibo egon dira: behargin 2 eta erabiltzaile 1.
Enplegu Zuzendaritzeari jagokonez, Laespadak 100.000 euroko kostua izan daben 9 neurri azaldu ditu. Neurri horreek lan barik egozan 700 persona baino gehiagorengan izan dabe eragina. Arlo horretan, iragarri dauenez, enplegu arloko kontingentzia plana ahalik eta arinen aurkeztuko da.
Bardintasunaren arloan, Bizkaiko Farmazialarien Alkargoagaz lankidetzan, Maskara19 ekimenaren barruan, indarkeria matxistearen 3 kasu antzemon dira Bizkaian. Ganera, Aldundiak zituan 62 plazei beste 20 gehitu deutsaz, horren eragina jasaten daben personei egotaldi segurua emoteko. Laespadak adierazo dauenez, Bizkaian kasu kopuruak gora egin leike, baina hori konfinamendu epealdia amaitzen danean ikusiko da. Momentuz, krisiak 6 emakume eta 6 ume gehiago eroan ditu babeserako foru zerbitzuetara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!