Selma Huxley historialaria hil da

Bizkaie! 2020-05-05 11:14   Euskaldunak munduan

XVI. eta XVII. mendeko euskal arrantzaleek Kanadan itxitako arrastoa ikertzen aitzindari izan zan.

Selma Huxley (argazkia: Wikipedia) CC-BY-SA | Ikusi handiago | Argazki originala

1972an etorri zan Selma Huxley historialari ingelesa lehenengoz Euskal Herriko artxiboetara, antxina Kanadan ibilitako euskal arrantzaleen inguruko dokumentazinoaren bila. Harrezkero, ozeanoaren bestaldera XVI. eta XVII. mendeetako euskaldunek egindako espedizinoen inguruko aditu handienetako bat bihurtu zan, eta, aitzindari lana eginez, gure historiaren alderdi horri bultzadea emon eutsan. 

Agiri eta artxiboetan informazino baliotsua topau eban, baina ondare materialean be aurrerakuntza ikaragarriak ekarri zituan Huxleyren lanak. Ternua ugartean eta inguruko lurraldeetan euskaldunek sortu eben industria azalera ekarri eban, hainbat mendez ahaztuta egon ostean. XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleak Kanada aldera joaten ziran makailao eta balea bila, eta arrantzale hareek itxitako moilen, laben eta itsasontzien aztarnak topau zituen Huxleyk eta bere laguntzaileek.

Besteak beste, 1565ean Ipar Amerikako kostaldean hondoratutako San Juan baleontzia topau eban Huxleyk. Gaur egun, Pasaiako Albaola Itsas Faktorian eregiten dabiz ontzi haren erreplika zehatza. Labrador peninsulako Red Bay izeneko portua, 1550etik euskal arrantzaleek erabilia, Huxleyren ekimenari eta ikerketei esker ezagutzen dogu, eta, gaur egun, Kanadako Gobernuak Gune Historiko Nazionaltzat dauka, eta UNESCOk, Gizateriaren Ondaretzat.

Arkeologiaren bidez argitu ezin ziran gauzak artxiboetan arakatuta topau zituan Huxleyk. Euskal Herrian ez eze, Espainia eta Frantziako artxiborik garrantzitsuenetan ibili zan bila eta bila. Horri esker, euskal arrantzaleek orain dala mende batzuk Kanadara joateko erabilten zituen objektuen, erropen, jatekoen eta abarren barri dogu. Atlantikoaren alde batetik besterako joan-etorrien informazino zehatza dabe gaur egungo adituek, Huxleyk topautako gutun, kontratu eta mapei esker.

Selma Huxleyk makina bat liburu, artikulu eta biltzarretan aurkeztu zituan bere aurkikuntzak. Kanadan sari ugari emon eutsiezen (Kanadako Ordena entzutetsua tartean), azken batean, Kanadako historiaren alderdi ezezagun bat argitara ekarri ebalako, euskal ondarea azaleratzeaz gan. Eusko Jaurlaritzeak Lagun Onari Saria emon eutsan 2014an.

Halan eta guztiz be, Selma Huxleyk gorabehera asko izan zituan bizitzan, eta ikerketa arkeologiko eta historikoak egiteko oztopo ugari gainditu behar izan zituan. Lau ume txikiren ama zala, 37 urtegaz alargun geratu zan. Amerikako herrialde ugaritan ibili eta gero, Kanadako ekialdeko kostaldeko historiari heldu eutsan, eta horrek eroan eban Euskal Herrira, seme-alaba eta guzti.

Hasierako ikerlanetako batzuetan, finantziazino publiko barik, han eta hemen topau behar izan eban dirua, baina sekula ez eban amore emon. Londresen eta Parisen egin zituan unibersidade-ikasketak, baina gerora Deustuko Unibersidadean be paleografia ikasi eban. Artxiboetako idatziak ulertzeko frantsesez eta espainieraz ondo ikasi eban.

Londresen jaio bazan be (1927ko martian), Kanadagaz lotura handiagoa izan dau Huxleyk azken hamarkadotan. Atzo, maiatzak 4, hil zan, 93 urtegaz.

Selma Huxleyren inguruko informazino zabalagoa irakurri nahi izan ezkero, ikusi Euskerazko Wikipediaren artikulu hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu