Baztan-Bidasoaldeko bertso-papel lehiaketea hasi da

Bizkaie! 2020-05-05 08:23   Bertsolaritzea

Dagoeneko 33. edizinoa dau sariketeak.

Berako udaletxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroan, bertso idatzien alorrean tradizino handiena dauen sariketetako bat da Baztan-Bidasoaldekoa, edizino kopuruari begiratzen badeutsagu behinik behin. Maiatzaren 4tik martxan da 33. edizinoa, eta hilaren 15era arte bialdu leitekez bertso jarriak, posta elektronikoz. Nafarroako Baztanen eta Bidasoa ibaiaren inguruko herrietan (Bortzirietan gehienbat) bizi diranek hartu leikie parte, hortik kanpokoek ez.

Doinua, neurria eta gaia libreak dira baina, jakina, bertso sortea originala eta inon argitaratu bakoa izango da. Aurten aldaketa bat egin dabe bertsoak bialtzeko moduan: Bide bakarra posta elektronikoa izango da (kultura@bera.eus), eta derrigorrez PDF formatuan.

Sariak emoteko orduan, parte-hartzaileak lau mailatan banatuko ditue. A mailea 10 urtera arteko neska-mutilentzat izango da, bakotxak bertso bat edo kopla bi aurkeztu beharko ditu. B mailea 11 eta 14 urte bitartekoena da, eta bina bertso edo launa kopla eskatu deutsiez. C mailan (15-18 urte) launa bertso egin behar dira gitxienez. Azkenik, helduena da D mailea, gitxienez zortzi bertsoko sortak aurkeztu beharko ditue.

Bortzirietako bertso eskolakoek erabagiko dabe epaimahaian nor egongo dan sariak ebazten. Kategoria bakotxean saritu bi egongo dira, eta lehenengo postuan geratzen diranei trofeoa be emongo deutsie.

Berako Kultur Batzordeak antolatzen dau, Bortzirietako bertso eskoleagaz batera, Baztan-Bidasoaldeko bertso-papel lehiaketea, Euskera Mankomunidadearen laguntzinoagaz. Oraingo honetan, eskualdean bertsozaletasuna bultzatzeko ez eze, konfinamenduko egunak arintzeko bidea be izan leiteke sariketea ume, gazte zein helduentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu