Parke Teknologikoen Sareak Covid-19aren kontrako burrukearen zerbitzura jarri dau bere jakintzea

Bizkaie! 2020-05-04 07:55   Pil-pilean

Parkeen Sareak Euskadiko Barruko Produktu Gordinaren % 7,1 sortzen dau.

Bizkaiko, Zamudioko Parke Teknologikoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea eta bertako kide diran 544 enpresak, 43 teknologia eta ikerketa-zentroak eta horreetako 18.489 langileak beren onena emoten dabiz euren jakintza eta esperientzia eskainiz Covid-19aren kontrako burrukan. Osasun larrialdi honetan bada laguntzeko funtsezkoa dan arlo bat, hain zuzen be, bio-osasunarena. Bio-osasuna lehentasunezkotzat joten dan hiru sektoreetako bat da Euskadiren espezializazino adimenduneko estrategiaren barruan (RIS3) eta bere ahaleginak batzen dago osasun zentro danakaz batera.

Urgentzia zerbitzuetarako arnasgailuen eskaerea sekulakoa izan da asteotan. Fabrikazino gehigarrian espezializautako Addimen enpreseak bere hondar-aletxoa jarri dau metalezko piezak egiten dauen esperientzia eskainiz. Altzairu herdoilezinez eginda, pieza orijinalen pisua erdira baino gitxiagora murriztea lortu dabe. Addimen enpreseak antzeko beste proiektu bat be badau eskuartean.

Arlo horretan dabil Tekniker teknologia-zentroa be, pazienteentzako arnasgailu baten diseinu, lanketa eta fabrikazino-prozesuan parte hartzen baitago; konponbide bat lantzen dabil ambu izeneko eskuzko berpizgailuak automatikoki eragiteko, holan arnasgailu funtzinoa bete deian. Ambu bat eskuzko gailu bat da, presino positibodun aireztapena emoten deutsena arnasa ondo hartu ezin daben personei. Gailu horreek automatikoki erabilteko aukereari esker, posible izango litzateke arnasgailu gehiago eukitea eta funtsezkoak izatea momentu honetan. Proiektuan parte hartzen dabe Wanbat, Cisco, Omron, Martinena, Igus, Ingeteam, Haku, Licuit eta Eper enpresek.

Kimika eta biologia sektoreen arteko diziplina anitzeko lankidetzeari esker, Bizkaiko Aleovitro startup-a bio-estimulatzaileak lantzen dabil balio erantsi handiko landareen (nekazaritzakoak, fruta-arbolenak eta basoetakoak) mikorrizentzat. Egun, lanean dabil Nekazaritza Zientzien Institutuagaz (ICA) osabesar eta bedar usaintsuen arloan, izan be, landare horreen molekula bio-aktiboen portaerea eta Covid-19ari aurre egiteko erabilitako klorokinarena antzekoak izan baitaitekez.

BCMaterials, Material, Aplikazino eta Nano-egituren Euskal Zentroa hiru mailatan dabil beharrean: batetik, Point of Care (PoC) sensoreen arloan, koronabirusaren kontrako immunidadearen detekzino goiztiarra lortzeko, gailu mobikor baten bitartez kontrolauko dalarik; bestetik, maskaretarako eta norbere babeserako sistemetarako materialen alorrean, helburutzat hartuz alkarregaz buztartzea eraginkortasuna eta berrerabilteko aukerea; eta azkenik, birusen kontrako azaleren esparruan.

BRTA-n, CEIT eta Tecnalia teknologia-zentroak CIC biomaGUNEren koordinazinopean dabiz lanean, birusa garraiatzeko bitartekoak prestatzeko, gero bitarteko horreek pazienteetatik hartutako laginetan erabilteko. Sistema horreetan laborategian lortutako hainbat antibiotiko erabilten dira laginak segurtasunez garraiatzeko ospitaleetatik analisi-laborategietara.

Biokilab enpresea kit barriak jorratzen dabil giza gaixotasunak diagnostikau, pronostikau eta tratetako.
Osasun Ikerketako Biodonostia Institutua be Osakidetzak diseinautako kontingentzia-planaren barruan dago, koronabirusa PCR testen bidez antzemon behar dalako.

Horrezaz gan, gaixotasun genetikoak diagnostiketako analisi genetikoak eta biologikoak egiten dituan DNA Data enpreseak Covid-19a antzemoteko zerbitzu edegi bat eskaintzen dau enpresa eta kolektiboentzat.

Industria arlorako ikusmen artifizialean espezializautako Inovako enpreseak irudi-biltegi publikoak eta deep learning eredu bat erabilten ditu Covid-19a daben eta gatxik ez daben pazienteen erradiografiak bereizteko. Proiektu hori hasierako fasean dago oraindino. Horretarako, beharrezkoak dira erradiografiak eskaini leikiezan partner-ak, holan datu basea handituko dalako eta teknologia probetan jarraituko dalak.

Azkenik, digitalizazinoa be baliogarria da osasun arloko krisi honetan; E-Process Med enpreseak hiru ekintza-arlo jarri ditu martxan ebakuntzetarako baimen informatikoak modu telematikoan kudeatzeko, pazienteak ospitalera joan beharrik izan ez daian.

Dozenaka enpresa inplikau dira pandemia gainditzeko ahaleginean

Enpresa horreek ahalegin betean dabiz, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko beste dozenaka antolakundegaz batera, pandemiak ekarri dituan preminei erantzuteko. Bio-osasunaren sektorean be, Osasen, Progenika Biopharma, I+Med, Histocell, Abyntek Biopharma edo Viralgen enpresek proiektu zehatzakaz dabiz eta Biocruces Bizkaia eta BioAraba, barriz, lankidetzan dabiz UPV/EHUgaz, Achucarro Basque Center of Neuroscience zentroagaz eta Fundación Biofísica eta Ikerbasque erakundeakaz.

CIC bioGUNE edo Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroak eta Graphenea euren jakintza eta gaitasunak eskaintzen dagoz. Konponbide teknologikoen arloan, neurri oso desbardinetako enpresak, besteak beste, Erictel, Ibermática, Orvium, Vicomtech, Ikusi edo Ikerlan lanean dabiz Covid-19aren kontrako burrukan. Gaiker eta Neiker zentroek be euren hondar-aletxua jarri dabe eta bardin egin dabe beste enpresa batzuek be fabrikazino gehigarriaren sektorean (Mizar Additive Manufacturing, Optimus 3D eta A3Z Advanced) edo sektore aeroespazialean (ITP Aero).

Hemen edo beste esteka honetan konsultau daitekez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko antolakundeek jorratzen dituen ekimenak. Parkeen Sareak Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 7,1 sortzen dau, ahalegin berezia eginaz barrikuntza arloan, izan be, sare horrek (enpresa-sarearen % 0,9) bereganatzen dau Euskadiko I+G-ko inbersinoaren % 38.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu