XXXII. Bilbainada Lehiaketea martxan
2020-04-29 13:20 MusikeaDeialdia bagilaren 5era arte egongo da edegita.
Bilboko Udalak, Radio Nervión, Telebilbao eta Gilda Toki-La Gilda del Norteren laguntzinoagaz, aurten be edegi dau Bilbainada Lehiaketearen deialdia. Aurten XXXII. edizioa izango da eta Bilboko kanta herrikoiaren jai-giroari eta tradizinoari eustea dau helburu. Hain bereziak diran kantu horreen zaleek gehien espero daben deialdia da. Bilbainadek Bilboko historia dabe ardatz eta uriaren gaurkotasuna gainbegiratzen dabe obra arkitektonikoen, garraiobideen, erakundeen eta personaia enblematikoenen bidez, izan be, historia osotzen daben abesti herrikoi horreek baino bilbotarragoak diran gauza gitxi dagoz eta horreek be historia hori kontetako balio dabe.
Proposamenak bagilaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira. Aurkeztutako kantuak originalak izatea nahitaezkoa da eta ezingo dira beste lehiaketa batzuetan saritutakoak izan. Udalak modalidadeetako (gaztelania eta euskerea) irabazleak sarituko ditu, 955 euroko sariagaz, hurranez hurran. Aurreko urteetan legez, 420 euroko zortzi akzesit be egongo dira. Gainera, epaimahaiak, gitxienez musikako profesional bik osotutakoa, ohorezko sariak emon ahal izango deutsee gure urian hain errotuta dagoan musika-genero horri emondako laguntzinoagaitik eta bultzadeagaitik beren ibilbidean nabarmendu diran personei.
Lehiaketan parte hartzeko, beharrezkoa da grabazino batean interpretautako konposizioak euskeraz edo gaztelaniaz bialtzea. Gainera, gomendagarria da abestiaren musikeagaz partiturak aurkeztea, ohiko galetan irabazleak grabau eta interpretetako.
Grabazinoak, berbakaz batera, modu presentzialean edo telematikoan aurkeztu behar dira, bagilaren 5eko 14:00ak baino lehen, Bilboko Udaleko Kultura Sailean (Aznar eraikina, Venezuela plaza 2 - 6. pisua edo cultura@bilbao.eus) edo Radio Nervión (Hurtado de Amezaga 27 - 17. pisua edo comercial@radionervion.com). Bilbainada Radio Nervión-era bertaratzea aukeratzen bada, bagilaren 3an eta 5ean bakarrik egin ahal izango da, 10:00etatik 13:00etara.
Bilbainadak balkoietan
Bilboko Udalak eta Nervión Taldeak lehiaketa ezagun honetan parte hartu deien animetan ditue herritarrak: Familiek, koadrilek, gazteek edo nagusiek konfinamenduak emoten deuskun denpoera aprobetxau leikie beren bilbainadak pentsau, idatzi eta etxean probak egiteko eta egunero balkoietan eta leihoetan izaten diran topaketek be girotu leikiez melodia bereziokaz. Bestalde, teknologia barriak erabili daitekez bilbainadak taldean batu eta kantetako, adierazo dabe antolatzaileek; horrezaz gan, berba barriak idatzi leikiez lehiaketara aurkezteko edo tipikoenak kantau, bideoan grabau eta sare sozialetan konpartidu, Udalaren kontuak aitatuz eta #BilbainadakEtxean #BilbainadasEnCasa traolak erabiliz'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!