Udabarria Bertsotan uda ostera pasau dabe

Bizkaie! 2020-04-29 08:29   Bertsolaritzea

Bizkaiko Txapelketearen sailkapen fasean 60 lagunek emon dabe izena.

Oraingoz, txapelketako oholtzak hutsik geratuko dira (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzean izan da jokatzekoa Udabarria Bertsotan, 2020ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen aurreko sailkapen fasea. Baina Covid-19aren zabalkundeak kolokan ipini dau aurtengo plangintza osoa: Udabarriko fasea uda ostera atzeratu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, eta osasun egoereak aginduko dau orduan jokatu ahal izango dan ala ez.

Seina bertsolariko hamar saio izango ditu Udabarriko faseak. Antolatzaileek iraileko bost egunetan jokatzea pentsau dabe, egun bakotxean saio bi, leku diferenteetan baina ordu berean. Bizkaiko eskualde guztietako 60 bertsolarik emon dabe izena fase honetarako, eta puntuazinorik onenak lortzen dituenek egingo dabe aurrera.

Bizkaiko Txapelketea bera urrian da hastekoa. Udabarria Bertsotan sailkapen fasetik datozanekaz batera, final laurenetan kantauko dabe 2016ko finalistek eta 2018ko finalaurrekoetan egon ziranek. Finalaurrekoetan 2018ko finalistak sartuko dira. Sei final lauren eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduan izango da finala.

Hori da 2020ko edizinoaren plana, baina Covid-19aren zabalkundea ikusita, ezin da ezer ziurtzat jo. Talde antolatzaileak lanean jarraituko dau, guztiontzako ahalik eta txapelketa duinena, egokiena eta gozagarriena egin ahal izateko, adierazo dabe Bertsozale Alkartekoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu