Berbodromoa etxetik, bideokonferentzia bidez izango da, maiatzaren 14an

Bizkaie! 2020-04-27 11:39   Euskerea berbagai

Aurten atzerrian bizi diran getxotarrek be parte hartzeko aukerea izango dabe.

Datorren maiatzaren 14an Berbodromoa Etxetik ekimena izango da, bideokonferentziaren bidez egungo egoerara moldatuta, eta horregaitik helburuak euskerea sareetara atera, euskerearen erabilerea indartu eta indar-erakustaldia egitea izango dira. Egizu alkarteak, Getxoko Udalaren laguntzinoagaz, antolatzen dauen ekimenean, aurten gainera, atzerrian bizi diran getxotarrek be parte hartzeko aukerea izango dabe.

Era honetan betiko helburuari eutsiko deutse aurten be, hau da, euskaldunak batu eta giro lasaian proponidutako gai zehatz batzuei buruz berba egitea, euskerea ikasten dagoanari euskearaz berba egin deian animau eta euskeraz egitekoa aukera gitxi dauenari aukerea emotea. Aurten saio bi izango dira, bata, goizeko 10:00etan eta bestea, 18:00etan, biak Jitsi Meet aplikazino bidez.


Funtzionamendua

Taldeetan euskerea ikasten dabizen eta dakiten personak izango dira, guztira lau persona (atzerrian dagoan getxotarra, dinamizatzailea eta beste getxotar bi) eta hurrengo hiru gairi buruz egingo dabe berba: konfinamendua zure inguruan, loteria tokatu ezkero, zer egingo zeunke?, eta Euskaraldia.

Berbodromoan parte hartzeko aurretik izena emon eta galdetegi txiki bat bete behar dabe persona interesatuek hemen.  Ondoren, laukotearen estekea jasoko dabe eta aitatutako egunean, klik egin eta barriketarako gelan sartuko dira, Jitsi Meet aplikazinoari esker. Bideo kamarea erabiltea hautazkoa izango da eta antolatzaileek gomendatzen dabe Chrome nabegatzailea erabiltea eta saioak hasi baino hamabost minutu lehenago konektauta egotea, egon daitekezan arazo teknikoetan lagundu ahal izateko. Dudak argitzeko egizugetxo@gmail.com helbidera jo daiteke eta saioetan zehar laguntzinoa emoteko telefono zenbakia 619 935 541 izango da.

Bideokonferentzietan Euskaraldiaren Belarriprest eta Ahobizi txapak ipinita eukiteko eskatu dabe sustatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu