Bilboko Ikusi eta Ikasi programeak sarera egin dau salto

Bizkaie! 2020-04-27 11:46   Euskerea berbagai

Umeei euskerazko aisialdia eskaintzen deutse.

Covid-19 gaixotasuna dala eta ezin da aurrez aurreko saiorik egin. Hortaz, umeen astialdirako Ikusi eta Ikasi egitasmoa etenda egon da asteotan. Antolatzaileek, hau da, Bilboko Udalak eta Topaguneak, erabarritu egin behar izan dabe aurtengo Ikusi eta Ikasi, etxean dagozan umeakana heltzeko. Gaurtik, apirilaren 27tik, egunero saio bat egingo dabe online. Zuriñe Hidalgo aurkezleak eta Makusi maskoteak gidatuko ditue ikuskizun eta tailerrok.

Maiatzaren 16ra arte plazaratuko da internetez ikusteko saio bat egunero. Modu horretara, Ikusi eta Ikasi programeak Bilbon beteten dauen zeregin garrantzitsuari eutsi ahal izango jako: Umeek eta familiek euskerazko eta kalidadeko aisialdirako aukera zabala izatea, hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz eta neska-mutilen jakinmina biztuz.

Internet bidezko eskaintzea danez, ez da beharrezkoa aurretik izena emotea. Ikusi eta Ikasiren webgunean sartu eta nahi dogun saioan klik egin besterik ez dogu egin beharko. Saio bakotxa hiru egunez egongo da ikusgai, argitaratzen danetik hasita.

Programazinoa modu errazean antolatu dabe, saioez gozetea erosoagoa izan daiten. Berez, 4 eta 10 urte bitarteko umeentzako jarduerak dira, baina batzuk 8 urtetik gorakoentzat dira beren-beregi, eta horreek 8+ ikurragaz datoz.

Danetariko gaiak landuko ditue hurrengo asteetan Ikusi eta Ikasin. Gaur, lehenengo saioan, naturea ikertzeko tailerra egingo dabe. Ipuin kontalariak, jantzak, pailazoak, estanpazinoa, argazkigintzea, musikea, antzerkia... etorriko dira gero. Aurrez aurreko saioetan legez, online be artista eta adituen esku egongo da saio bakotxa. Ikusi egitarau osoa beheko irudian:

2020koa Ikusi eta Ikasi programearen 16. edizinoa da. Urtarrilaren 31n hasi, eta ondo joan zan martiaren 12ra arte. Egun horretan saioak eten zituen, Covid-19aren ondoriozko alarma egoereagaitik. Orain, barriro berrekingo deutsie saioei, baina online. 16 urteko historian, lehenengo aldiz hartu behar izan dabe antolatzaileek halako erabagi bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu