Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratuko dau
2020-04-27 11:03 Pil-pileanNeuronak eta irudimena astintzeko helburua da nagusi.
Datorren maiatzaren 4tik aurrera, astelehenetik eguenera erronkak eta barikuan ikertzaile gazte bategaz barriketaldia, hori da Elhuyar-ek #NikEtxeanEsperimentuak egutegiarekin dakarren plana. Elhuyarren Bizilabe-ren webgunean egongo dira ikusgai egutegia, eguneko erronkak eta euskal ikertzaile gazte bati egindako alkarrizketaren bideoa.
Apirileko #NikEtxeanEsperimentuak ekimenaren erantzun bikainaren ostean, Elhuyarrek maiatzerako egutegia atondu eta lau astetako zientzia eta teknologia-erronkak proponiduko ditu, irudimena eta neuronak astintzeko; mezu sekretuak desenkriptau eta enkriptau, hologramak sortu, barazkietan dagozan margoak erauzi, motorrik bako hegazkinak eregi, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egin, txoriak identifikau edo naturan denpora errealean ikusi deiean bideratuko dira. Etxean dagozan baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu ahalko dira.
Oro har, 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira eta familian zientzia eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak ume txikiagoakaz be erronkak egin deiezan animau nahi ditu Elhuyarrek. Egindako zientzia eta teknologia-erronkak sare sozialetan zabaltzeko aukerea dago #NikEtxeanEsperimentuak traolea erabiliz.
Ikertzaileakaz barriketaldiak, gazteak inspiretako
Maiatzeko egutegian, plan berezia izango da barikuetan, izan be, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean dabizen ikertzaile bategaz egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna hurretik ezagutzeko eta profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiagazko zaletasuna indartzeko. Holan, astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko ditue euren gaur egungo proiektuen barri izateko, euren bizitzak hurragotik ezagutzeko, orain egiten dagozana egiteko ze pausu emon daben be itaunduko jake eta, batez be, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutu nahiko ditue. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitekezan elkarrizketak dira, ikertzaile horreen pasinoa eta ezagutzak transmitiduteko asmoagaz.
Berbarako, Zientzia Azokako parte-hartzaile eta bere asmakuntzeagaz munduan zehar ibili dan Maitane Alonso Monasterio medikuntza-ikasle gaztearen bizitzaz jakin nahi dogu eta ha alkarrizketatuko dogu lehenengo. Ikerketea da haren pasinoa eta orain bizi dagun egoerarako aholkua be eskatuko deutsagu. Artikoan klima-aldaketearen ikerketan dabilen Naima El Bani Altuna bilbotarragaz be egongo gara; azken urteetako klima-aldaketea aztertzen dabil eta horrek gaur egun zelan eragiten deuskun jakingo dogu. Urrunago joan eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituan Itziar Garate López astrofisikariagaz be egongo gara. Eta telekomunikazino-injinerua, musikaria eta Big Dataren zale amorratua dan Lorea Argarate Zubia be izango da geugaz; zenbat datu emoten ditugun nahi barik eskuko telefonoa erabiltean? Gomendioak eskatuko deutsaguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!