Labayruren Udako Ikastaroek ez dabe hutsik egingo

Bizkaie! 2020-04-27 10:06   Euskerea berbagai

Egoereak aginduko dau aurrez aurre ala online izango diran.

Ikasturtean zehar ikasitakoan sakontzeko edo denporaz estu ibilteagaitik lehenago ezin jorratu izan diran gaiak ezagutzeko aukera ederra izaten dira Labayruren Derioko Udako Euskal Ikastaroak.  Aurten be hutsik egin barik dator hitzordua, historiako 51.a. Covid-19 gaixoak ez ditu Labayru Fundazinokoak ikaratu, eta eskaintzeari eutsiko deutsie.

Hori bai, osasun neurriak fin-fin beteko ditue ikastaroetan. Hori dala eta, ez dabe baztertu kursoak online egitea, Covid-19aren zabalkundeak ez badau beste erremediorik ixten. Aukerea balego, ostera, Labayruren egoitzetan klase presentzialak emongo leukiez, Boluetako eta Bilbo erdiko eraikinetan hain zuzen.

Txanda bi egongo dira: Bagilaren 15etik 27ra; eta bagilaren 29tik garagarrilaren 11ra. Fetxok pixka bat aldatu leitekez.

Ohiko moduan, euskerearen inguruko ikastaroak izango dira aurtengoak be, hobetzekoak, sakontzekoak, zein titulu jakinak ateratekoak. Bizkaiko euskeraz alfabetetako aukerea emongo deutsie bizkaieraz jakin bai baina ondo idazten ez dakienentzat. Itzultzaileentzat, ostera, hainbat gairen inguruko kursoak atondu ditue.

Urtean zehar euskerea ikasten ibili diranentzat be badago eskaintza zabala, euren mailan sakontzeko modua izango dabe eta. Euskerazko titulu ofizialen bateko azterketea egiteko asmoz dagozanek horreek preparetako ikastaro zehatzak topauko ditue Labayruko Udako Ikastaroetako programazinoan. Batuan zein bizkaieraz egin leikiez titulurako azterketak.

Informazino gehiago eskatzeko eta izena emoteko labayru@labayru.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Ikastaro bakotxaren prezioa 295 eurokoa da, baina itzulpengintzakoena 395 euro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu