Udaltopek eremu sozioekonomikoari leiho bat zabalduko deutso maiatzaren 14an online
2020-04-27 08:19 Euskerea berbagaiUdaltop etxetik: edegi leiho bat lan munduari.
Eremu sozioekonomikoan jarrita eban argia aurten Udaltopek, Udaletako Euskera Zerbitzuen Topaketeak, hain zuzen, alor horretan euskerearen erabilerea pizteko gakoak emotea zan hamabigarren edizinoko helburu nagusia. COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak, ostera, aurtengo jardunaldia moldatu beharra ekarri dau; Udaltop egin egingo da, baina online, eta egun biko egitaraua goiz bakarrera mugatuz. Maiatzaren 14an izango da, www.udaltop.eus webgunean. Jardunaldia jarraitzeko beharrezkoa izango da aurrez izena emoteko formularioa betetea.
Udaltop etxetik: edegi leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabalduko deutso aurten Udaltopek. Eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeko gakoak emotea zan aurtengo erronkea.
Antolamendu Batzordetik azaldu dabenez, gure asmoa eremu soziekonomikoari atea parez pare zabaltzea bazan, leihoa baino ez deutsagu edegiko. Eta jakina, leihoetako sarrerea ateetakoa baino mugatuagoa da. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emon gura genduzan eta planteamendu barrian lan-mundua euskalduntzeko beharra jorratuko dogu modu filosofikoago batean. Dana dala, egitarau erakargarria osotu dogu eta garrantzitsuena, urteroko hitzorduari eutsi deutsagu Udaltopeko izakera barritzaile eta ausarta berretsiz.
Maiatzaren 14an izango da, www.udaltop.eus webgunean, goizeko 10:00etan hasita. Menuan, berbaldi bi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak. Jon Sarasuak zabalduko dau jardunaldia; atxabaltarra eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeko zer behar dogun galdereari erantzun guran apustu barri baterako arrazoibideak aztertuko ditu; eta Agirre Lehendakaria Centerreko Leire Canciok be, bere hausnarketa plazaratuko dau.
Jarraian, atsedenalditu bat izango da eta bueltan, Pilar Kaltzadak gidatuko dauen mahai-ingurua. Mahiaren bueltan, barriz, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako zuzendaria, Leire Okarantza Fagor Koop. E.ko Gestino Sozialeko ordezkaria eta Kike Amonarriz Topaguneako presidentea batuko dira; besteak beste, hiru gai honeek jorratuko ditue: Jon Sarasuaren gogoetea; testuinguru ekonomiko barrian euskereak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen dagozan ikus-entzuleek egindako galderak erantzungo ditue -aukera ezbardinak zabalduko dira galderak egiteko: WhatsApp-a, twiterra eta posta elektronikoa-.
Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskerea tresna lez erabilita jarduera interesgarriak gauzatzen dabizen enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukerea izango da, testigantza moduan.
Izena emotea doban-ematea, doban
Jardunaldia www.udaltop.eus webgunean jarraitzeko aukerea izango da, baina aurrez izena emon dabenek baino ezingo dabe parte hartu; beraz, beharrezkoa izango da maiatzaren 8ra arte webguneko Izena emon atalean zabalik dagoan formularioa betetea. Lehen pausu hori eginda, izena emon daben persona guztiek pasaberbea jasoko dabe Udaltop berezi hau jarraitzeko. Jardunaldia amaitu ondoren berbaldi guztiak webgunean jarriko ditue, edonork ikusteko moduan.
Igaz bezela, Antolamendu Batzordean euskerea presente dagoan lurralde guztietako ordezkaritza instituzionalak parte hartu dau: Euskal Urigune Alkargoa; Eusko Jaurlaritzea; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta, Lasarte-Oriako Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!