Kulturgileentzako gidea eta aholkularitzea martxan
2020-04-24 13:44 KultureaCovid-19aren krisiari aurre egiteko informazinoa emongo deutse Eusko Jaurlaritzeak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kulturearen alorreko behargin eta eragileentzako tresnak ipini ditu martxan asteon, Covid-19aren krisiari aurre egiteko eskura dituen baliabideak hobeto ezagutu deiezen. Gida bi eta aholkularitza telematikoa dira, eta Kulturklik Pro plataformearen bidez emoten dabe zerbitzua.
Osasun larrialdiak gehien kaltetutako sektoreen artean dago, duda barik, kulturgintzearena. Horren erakusgarri, martitik hona jente aurreko emonaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta erakunde publikoei babesa eskatzeko egun biko greba digitala be egin eben martitzenean eta eguaztenean, mila euskal sortzaile baino gehiagoren babesagaz.
Hori kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kulturgileei laguntzino personalizadua eskaintzeko sortu ditu gidak eta aholkularitzea. Erakundeek kulturearen arloari laguntzeko era askotako bideak jarri ditue abian, ezohiko egoera baten gagoz eta langile eta eragileek zalantzak ditue bide horreek hartzeko aukeren inguruan, adierazo dau Bingen Zupiria atal horretako sailburuak.
Eusko Jaurlaritzeak berak oraintsu onartu dau kulturgileei laguntzeko 2,5 miloe euroko programea, Lanbidegaz batera martxan jarritako planean. Era berean, sektore horretako proiektuetarako dagozan deialdiez be informazinoa zabaldu nahi dau: 12 deialdi eta 50 modalidade inguru dagoz orain indarrean.
Aholkularitza zerbitzuaren bidez, horri guztiorri buruzko zalantzak argitu ahal izango ditue kulturgileek. Zalantzea bialdu eta gehienez 48 ordura, telefonoz edo posta elektronikoz erantzungo deutsie. Sektoreko behargin, enpresa zein erakundeek erabili leikie.
Gidek, ostera, kulturgileentzako lagungarri izan leiteken informazinoa era labur eta argian azaltzen dabe. Gidetako baten informazinoa atalka dator: Autonomoentzako laguntzinoak, zerga-erraztasunak, finantziazinorako tresnak, Aldi Baterako Lan Erregulazino Espedienteen inguruko jakingarriak... informazinoa gehitzen joango dira egunez egun.
Beste gidan kulturgileek izan leikiezan ohiko galderak batu ditue, eta erantzunak emon. Batez be, Jaurlaritzeak eta Lanbidek martxan jarritako programearen zehaztasun guztiak emoteko pentsauta dago bigarren argitalpen hau. Horregaitik, Lanbideren laguntzinoak argitaratzen diranean ipiniko dabe kulturgileen eskura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!