Kulturako profesionalei laguntzeko programea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2020-04-15 12:48   Kulturea

Programea beharrezkoa da gure kultura-ehunari bizirik eusteko.

Bingen Zupiria eta Beatriz Artolazabal | Ikusi handiago | Argazki originala

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programea’ aurkeztu dabe gaur streaming bidez. Programa hau Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatzen dabe eta kulturearen arloko langileei babes ekonomikoa eskaintzea dau helburu.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Covid 19ri lotutako krisiak kulturearen arloan, hizkuntza politikan eta kirolean izan dauen eraginari buruz berba egin dau: Kulturearen arloa Eusko Jaurlaritzearen laguntza zehatzak izan dituan lehenengoetako bat izan da.

Covid 19aren ondorioak sufridu dituen kulturearen arloko langileei babes ekonomikoa eskaintzea da helburua. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programa honen bidez, baldintzak beteten dituen langileek aurreko urteko Persona Fisikoen Errenta Zergan autortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 eskatu ahal izango dabe. Langile bakotxeko mugea hilean 1.200 eurokoa izango da, eta programa horren aurrekontu osoa 2,5 miloe eurokoa izango da.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazo dauenez, Lanbide lan handia egiten dabil pandemiak eragindako egoerak gehien kaltetutako sektoreak identifiketako. Kulturearen alorra horreetako bat da, eta horregaitik sortu genduan diru-laguntzino lerro barri hau, jarduerak bertan behera ixteak eragindako kaltea arintzeko helburuz.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, bestetik, azpimarratu dau ekimen barri hau oso beharrezkoa dala kulturearen alorrean: Pandemiaren eraginez, ekonomia eta enplegu mailako ondorio larriak sufriduten dagoz kulturearen eta sormenaren alorrean. Kultur programazinoa bertan behera geratu da, dozenaka proiektu gora adi dagoz eta milaka lagun dagoz ondorio horreek sufriduten. Gure ustez, programa barri hau beharrezkoa da kulturako ehunka langileri egoera hau gainditzen laguntzeko eta, era berean, gure kultura-ehunari bizirik eusteko, hori oinarrizkoa baita gure herrian.


Programa barria

Programa hau egoitza personala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan daben, edadez nagusiak diran eta Persona Fisikoen Errentearen gaineko Zergearen autorpenean artisten jarduera profesionala daben personei zuzenduta dago. Horrezaz gan, proposamen barri hau zuzenduta dago Covid-19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera itxi behar izan dituenei.

Programa honetan sartzen diran personek kultureari lotutako jardueran aurreko urteko Errentan autortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 jaso ahal izango dabe. Azken hilebeteetan jarduereari ekin deutsenak badira, jarduerea hasteko eskabide-inprimakia aurkeztu beharko dabe, ta eskatzaileak 2020an hasi badira lanean, jasoko daben laguntzinoa hileko lanbide arteko gitxieneko soldatearen baliokidea izango da. Programeak honako aldi hau hartuko dau: martiaren 13tik (Osasun Larrialdia eta Alarma Egoerea deklaratzearen atarian) Alarma egoerea amaitu eta kultur emonaldiak publikoagaz baimenduko diran hilebetearen azken egunera arte. Edozelan be, laguntzak gehienez be 6 hilebetez eskainiko dira.

Programea Lanbideren bidez kudeatuko da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz lankidetzan. Datozen egunetan emongo dira, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, programa hau abian jarteko beharrezkoak diran prozedura-arauak, inprimakiak, epeak eta gainerako elementuak. Ekimena apirila amaitu baino lehen martxan egotea da helburua.

Programeak berak zehaztuko ditu laguntzak eskuratu ahal izango dituen jarduerak, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean oinarrituta. Aurreratu daiteke holako jarduerak hartuko dirala kontuan: sorkuntzeagaz lotutako jarduera profesionalak; kultura-produktuen merkataritzea; arte grafikoak eta euskarri grabatuen erreprodukzinoa; ikus-entzunezko jarduerak; argazki-jarduerak; edizino-jarduerea; liburutegietako, artxiboetako, museoetako eta ondareko jarduerak; soinuaren grabazinoko eta musika-edizinoko laguntzaileak; soinuaren grabazinoko eta musika-edizinoko jarduerak; irudi- eta soinu-euskarrien eta aparatuen eta musika-tresnen fabrikazinoa; hizkuntzen itzulpen eta prestakuntza-jarduerak; edo kultura-hezkuntzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu