Euskaltzaindiak eta UZEIk lankidetza hitzarmena sinatu dabe
2020-04-24 12:11 Euskerea berbagaiArlo gehiagotan egingo dabe lan alkarregaz, esate baterako, sare sozialetan.
Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta Jon Etxabe UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroko lehendakariak erakunde bien arteko hitzarmen barria sinatu dabe, orain arteko lankidetzea sendotu eta zabaltzeko asmoz. Bide telematikoak erabili ditue agiria sinatzeko, Covid-19ari aurre egiteko neurriak dirala eta.
2013an sinatu eben UZEIk eta Euskaltzaindiak azken lankidetza hitzarmena, eta, beraz, ordua izan da bertan jasotakoa gaurkotzeko. Besteak beste, igaztik Euskaltzaindiaren erakunde atxikia da UZEI, Akademiaren Osoko Bilkuran onartu zanez. Hortaz, urteotan alkarlana sendotzen joan da. Egunotan plazaratutako Koronabirusaren oinarrizko lexikoa be erakunde bien arteko lanaren ondorioa da.
Orain sinatu dan hitzarmen barriak hiru arlotan lankidetzea areagotzea dau helburu: batetik, abian diran ikerketetan sakontzea eta bide barriak edegitea; bigarrenik, ezagutzearen transferentzia; eta, azkenik, egitasmo eta aplikazino barriak abian jartea, gehienbat eremu digitalean.
Hain zuzen be, arlo digitalean ipini dabe arretea hitzarmena atontzeko orduan. Aurrerantzean, Euskaltzaindia eta UZEI alkarregaz landutako mezuak edo pilulak sare sozialetan zabaltzen hasiko dira, euskerearen erabilereari buruzko ohiko zalantzak argitzeko hiztunen eskura jarritako baliabideak ezagutarazoteko. Euskara Batuaren Eskuliburua, Jagonet zerbitzuko galdera-erantzunak, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Akademiaren arauak izango dira sare sozialetako mezuon ardatza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!