Harrapazank Isindahouse programeak gazteen sormena bultzatuko dau

Bizkaie! 2020-04-24 11:27   Euskerea berbagai

Harrapafest online jaia maiatzaren 30ean izango da.

Bilboko Udalak eta Topaguneak uriko gazteen artean euskerea sustatzeko atondutako Harrapazank kultur programeak konfinamenduak eragindako traben ondorioz, udabarri honetarako aurreikusitako eskaintzak erabarritu egin ditu. Harrapazank isindahouse programa barriak Bilboko gazte euskaldunen etxeetan eskainiko ditu kulturaz gozetako, sorkuntzan sartzeko eta euskerea indartzeko tailer, ekitaldi eta lehiaketa interesgarriak, apirilaren 20tik maiatzaren amaierara bitartean.

Egitasmo barriaren helburu nagusiak Harrapazank-en jatorrizko asmoagaz bat egiten dau: Bilboko 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxuei eskaintzea euskerazko kultur eta aisialdi-jarduera parte-hartzaile eta barritzailez osotutako programea. Etxeratze-aginduaren eragozpenari aurre egiteko asmoz, Harrapazank isindahouse ekimen barriak lau aukera atondu ditu ditu: Klikazank sareko proben lehiaketea, Harrapazank eszenea talentu lehiaketa ezagunaren online bersinoa, Arratsaldeak tailer eskaintza oparoa eta Harrapafest zuzeneko jaia.

Sari handiak ditu programeak: 500 euroko sariak, Iphoneak eta opari-txartelak. Parte hartzeko zehetasunak hemen


Klikazank

Sarean euskeraz nabegau eta gozetako norgehiagoka. 12 urtetik gorako Bilboko gazteek Klikazank lehiaketan parte hartzeko aukerea izango dabe apirilaren 20tik aurrera. Lehiaketeak sarean egin beharreko 6 proba izango ditu; astero proba bat argitaratuko dabe harrapazank.eus-en eta sare sozialetan. Parte hartu nahi dauenak astebete izango dau proba bakotxaren erantzun zuzena harrapazank@gmail.com helbidera bialtzeko. Sariei jagokenez, opari-txartelak zozketatuko dira proba bakotxa gainditzen dabenen artean. Opari-txartelak eta iphone eskuko telefonoak be badagoz, irabazlearentzat zein lehiakide guztien artean zozketatzeko.


#Harrapazankinthehouse

Lehenengo proban, #3dikrimenak izeneko olgetea da nagusi: berbaz eta irudiz azaldutako krimen baten egoeratik abiatuta, erruduna nor dan deskubridu beharko dabe, detektibe lanak eginez. Beste proba batzuetan dagoeneko existiduten diran euskal aplikazinoak erabili beharko ditue. Apirilaren 20an argitaratuko da lehenengo probea eta astero proba barri bat agertuko da; azken probea, barriz, maiatzaren 25ean argitaratuko da. Proben emoitza orokorrak eta irabazleen izenak #Harrapafest Harrapazank online jaian emongo dira jakitera, maiatzaren 30ean.


Harrapazank Eszenea: talentua lantzeko bideo-lehiaketea

Bilboko artista gazteek Eszena talentu lehiaketan parte hartzeko aukera izango dabe, etxetik urten barik. Apirilaren 20tik aurrera, gaztetxuek euren ekitaldien bideo-castingak bialduko ditue. Bideo guztien artean 15 onenak aukeratuko ditue ondoko bost coach honeek zuzeneko finalaurrean: Ylenia Baglietto, Ugaitz Alegria, Xabi Hoo, Iholdi Beristain eta Aritz Mendiola. Bostek finalisten proposamenak hobetuko ditue aste bitan, gaztetxuei aholku ugari emonez. Aste bi horreen ondoren, epaimahaiak lau irabazle aukeratuko ditu: junior kategorian bi eta beste bi Senior kategorian. Guztiek 500 euroko sari bana jasoko dabe.

Parte-hartzea banaka, etxeka zein taldeka onartuko da. Fisikoki alkarregaz ez dagozan gaztetxuek alkarregaz parte hartzeko modu bakarra izango da: bideo/audio edizinoa. Hori dala eta, bideo-castingak bialtzeko epea zabaltzen dan egunetik aurrera partaideek bideoedizino tutorial bat jasoteko aukerea izango dabe. Tutorialaren irakasleak Harrapazankeko partaide ohiak izango dira: Ane Zugaza, Maddi Urkijo eta Maddi Gutierrez Bilboko sortzaile gazteak.


Arratsaldeak: 30 egun, 11 tailer

Apirilaren 25etik maiatzaren 25era, 3 egunean behin, tailer bat eskainiko dabe www.harrapazank.eus webgunean. Tailer bakotxa 72 orduz egongo da partaideen eskura webgunean bertan. Hamaika tailer izango dira danetara eta askotariko gaiak jorratuko ditue: DJ lanak egiteko lehen urratsak, mago baten lehenengo trikimailua, zumba euskal
musikea, makillajearen hasierako pausuak, tik-tok aplikazioa erabiltzeko tutoriala...


Linean eskaintzeko proposamena

Tailerretan ikasitakoa praktikan jarri eta harrapazank@gmail.com helbidera zein webgune bidez bialtzeko aukerea izango dabe gaztetxuek eta, jasotako lan guztien artean, sariak banatuko dira #Harrapafest jaian.


Harrapafest: Bilboko sortzaile gazteen jaia

Online jaia maiatzaren 30ean izango da, Instagram plataformako zuzeneko indartsu bategaz. Arratsaldeko 18:00etatik 24:00etara bitartean Harrapafesten batuko dira Harrapazank komunidadeko kide guztiak. Miren Gaztañaga gidariak Eszenako 4 irabazleen zuzeneko emonaldiak aurkeztuko ditu, aurreko edizinoetan ibilitako beste hainbat sortzaile bilbotarren saioakaz batera. Musikea Txurruren ardurea izango da eta Ylenia Baglietto, Ugaitz Alegria, Xabi Hoo, Iholdi Beristain eta Aritz Mendiola coachek be parte hartuko dabe. Ekitaldia edegia izango da interesa daben guztientzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu