Belakok ez dau laugarren diskoa maiatzean aterako
2020-04-24 10:50 MusikeaArgitalpena atzeratu dabe, disko fisikoa banatzeko oinarrizko baldintzak ziurtatu arte.
Eten bako hazkundean da Belako talde bizkaitarra 2011n sortu zanetik, eta hurrengo pausua da Plastic Drama izeneko diskoa, laukotearen laugarren lana. Grabazinoak eginda, bost aurrerapen kantu zabalduta eta kontzertu batzuk adostuta, ia dana prest izan dabe Plastic Drama argitaratzeko, baina tartean sartu da Covid-19 gaixotasuna. Maiatzean izan dira ateratzekoak, baina atzeratu egin dabe. Ez dabe fetxa barririk zehaztu.
Belakoko taldekideek sare sozialetan zabaldutako mezuaren arabera, disko barria formatu fisikoan banatzeko oztopoak dagoz, dendak zarratuta dagozalako eta banaketa kateak etenda. Egoerea barriro egonkortu arte itxaron beharko dogu, adierazo dabe, eta zaleen pazientzia saritu egingo dabela.
Urte eta erdi daroa Belakok Plastic Drama proiektuan beharrean, eta lan hori guztiori zaleei erakusteko gogoz egon dira. Nazinoarteko merkaturatze bat preparetan genbilzan, baina argi dago ez dala unerik onena, dinoe oharrean. Proiektuaren beste alderdi batzuetan aurrera egitea jagoku, zuzenean aurkezteko erritmoa berreskuratu arte. Belako Rekords zigilupean eta BMG Internationalen lizentziapean argitaratuko dabe Plastic Drama.
Asmo handiko lana, gogoetatsua eta, batez be, aldarrikatzailea izango dala aurreratu dabe. Ezin gara harroago egon disko honegaz, eta, horregaitik, min handia emoten deusku hau jasan beharrak. Mundu guztian zabaldu dan larrialdi honetarako edukia atontzen dabiz, sareetan konpartiduteko asmoz.
Edozein kasutan, Plastic Drama zelakoa izango dan jakiteko pista bat baino gehiago emon ditue aurretik be. Bost abesti interneten argitaratu zituen, doban, aurrerapen legez. Belakoko kideen arabera, harrera ederra izan dabe bost pieza horreek; entzun hemen All Nerve.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!