UPV/EHU munduko 49 unibersidade onenen artean genero-bardintasunean

Bizkaie! 2020-04-24 10:06   Pil-pilean

59en artean dago konsumo arduratsuan.

UPV/EHU-k lehen aldiz parte hartu dau Times Higher Education, unibersidade-inpaktuko ranking-ean. Uibersidadeek ze jarduera izan daben Garapen Jasangarrirako Helburuakaz ebaluetan dau ranking horrek. Estreinaldi honetan 101-200eko tartean kokatu da sailkapen orokorrean eta, horrezaz gan, genero-bardintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean kokatu eta produkzino eta konsumo arduratsuetan, 59 onene artean.

Times Higher Education (THE) unibersidade-inpaktuko rankingak igaztik ebaluetan dau unibersidadeek ze jarduera izan daben NBEk bultzatutako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuakaz (GJH) lotuta.

UPV/EHU 101-200eko tartean sailkatu da bigarren edizino honetako sailkapen orokorrean. Aurten, 85 herrialdetako 766 unibersidadek baino gehiagok hartu dabe parte. UPV/EHUk parte hartzen dauen lehen aldia da eta 6 helburu aurkeztu ditu: Osasuna eta ongizatea (3. GJHa), Kalidadeko hezkuntzea (4. GJHa), Genero-bardintasuna (5. GJHa), Desbardinkeriak murriztea (10. GJHa), Produkzino eta konsumo arduratsua (12. GJHa) eta Helburuak lortzeko aliantzak (17. GJHa).

Estreinaldi honetan, genero-bardintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean kokatzea lortu dau UPV/EHUk eta produkzino eta konsumo arduratsuetan, munduko 59 erakunde onenen artean. Era berean, nabarmentzekoak dira osasunagaz eta ongizateagaz lotuta eta garapen jasangarria lortzeko aliantzen arloan egin dauen ekarpena, izan be, 100 puntutik 72,3 eta 78,6 puntu lortu baititu, hurranez hurran. Rankingak balio berezia emon deutse emakumeak sustatzeko martxan jarritako ekintzei, hezkuntzearen arloan egin diran argitalpen zientifikoei, ingurumen-jardueren txostenak argitaratzeari, bazterkeriari aurre egiteko neurriei eta helburuak lortzeko aliantzei. Horregaz guztiagaz, UPV/EHUk lortu dau produkzino eta konsumo arduratsuan ekarpen handienak egiten dituan estaduko bigarren unibersidadea izatea eta bosgarrena, barriz, bai osasunaren eta ongizatearen arloan eta bai genero-bardintasunean be.

Ranking honetan buru da, barriro be, Aucklandeko Unibersidadea (Zeelanda Barria), eta Australiako unibersidade bik osotzen dabe lehenengo hiru onenen zerrendea: Sydneyko Unibersidadea eta Sydney Mendebaldeko Unibersidadea.


Abiapuntu egokia eta ondo planifikautako bidea

Aurtengo emoitzak 2017-2018 ikasturte akademikoko datuetan oinarritzen dira, hain zuzen be, Garapen jasangarrirako 2030 EHUagendea eta Segimendua egiteko adierazleen taulea argitaratu ziran garaiko datuetan. Estibaliz Saez de Camara Oleaga jasangarritasun-zuzendariak nabarmendu dauenez, agendea atontzeko prozesuan egiaztatu genduan ez ginala zerotik abiatzen eta egina geunkala GJHetako askoren bidearen zati bat. Titulazino eta ikerketa jakin batzuk, giza eskubideen kulturea sustatzea, gizon eta emakumeen arteko bardintasun-politikak, aniztasun funtzionaleko personak atendidutea, garapenerako lankidetza eta ingurumen-kudeaketea ez dira urte askoan egin dogun lanetik kanpo geratzen. 2030 EHUagendeagaz pausu bat aurrera emon gura da, modu koherentean sartzeko unibersidade-komunidadearen tokiko ahalegin partikularrak, bide honetan inor atzean itxi barik batera eta alkarri konektauta jardunez.

EHUagendearen lehen urteurrenagaz bat eginez, 2018-2019 ikasturteko emoitzak argitaratu dira agendearen webgunean eta dagoeneko igarten da asko hobetu dala adierazle batzuetan: jasangarritasunerako barrikuntza-proiektuetan parte hartzen dauen irakasle-kopurua (137tik 234ra); energia-iturri barriztagarrietako energia-konsumoaren ehunekoa (% 46tik % 82ra); klausula etikoak, sozialak eta ingurumenekoak erantsi diran lizitazinoen ehunekoa (% 56tik % 100era) eta euskerazko doktore-tesien kopurua (28tik 64ra).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu