Izaro eta Euskadiko Orkestrea, alkarregaz

Bizkaie! 2020-04-24 08:46   Musikea

Hiru bideoklip estreinauko ditue egunotan.

Fernando Velázquez, Izaro eta musikariak, grabazinoan (argazkia: Euskadiko Orkestrea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Fernando Velázquez musikagile getxoztarraren agindupean, 2019ko zemendian Donostian batu ziran Izaro Andres mallabiarra eta Euskadiko Orkestrako artistak. Orduan grabautako hiru bideoklip prest dagoz, eta egunotan sare sozialetan eta Euskal Telebistan zabaltzen hasi dira. Errefuxiatuena, Koilarak eta Tu escala de grises abestien bersinoak dira, hain zuzen.

Orain dala urte bi ekin eutsan Orkestreak proiektu digital honi, entzute handiko artistak bidelagun. Zea Mays eta Doctor Deseo taldeakaz hiruna bideoklip grabau zituen, eta arrakasta itzela izan eben sareetan. Zaleek halako gehiago eskatu dituenez, Izaro aukeratu dabe oraingoan. Ganera, konfinamendu sasoi honetan, inoiz baino zentzun handiagoa hartzen dau era honetako proiektu digital batek, Orkestrako arduradunen esanetan.

Jabi Elortegiren esku egon da ikus-entzunezkoen zuzendaritzea, aurreko aldietan legez. Zuzendaritza artistikoa, ostera, Fernando Velázquezen ardurea izan da. Modu horretara, kalidade handiko hiru bideo produzidu ahal izan ditue, irudiaren zein musikearen aldetik.

Lehenengo alkarlana izan da Izaroren eta Euskadiko Orkestrearen artean. Mallabiko abeslariak pozarren bizi izan dau esperientzia: Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea, are gehiago Euskadiko Orkestrako musikari taldeak joten baditu, eta Fernando Velázquezek moldatu. Entseguetan hasi zan emozino horreek sentiduten, berak sortutako melodia txikiak orkestrearen soinuagaz entzutean, Izarok kontau dauenez.

Musikariak eta Fernando Velázquez zuzendaria be gustura geratu dira alkarlanagaz. Izarok agertokira igon ebanean haren musika, arte eta presentziagaz maitemindu zan orkestrea, magnetismoa eta edertasuna dira nagusi, adierazo dau Velazquezek. Aspaldiko kolaboratzailea da Velazquez Euskadiko Orkestran. Izaroren grabazinoetan parte hartu aurretik, Ken Zazpigaz egindako biran zein zinemagintzako proiektu batzuetan ibili dira alkarregaz.

Kontuak kontu, Izaroren hiru bideoklipak aste honetan bertan aurkezten dabiz. Batetik, ETBko saioetan emoten ditue eta, bestetik, Orkestrearen sare sozialetan zabaldu (Youtube, Instagram, Facebook eta Twtter). Errefuxiatuena dagoeneko estreinau dabe, ikusi hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu