Itxaropenez beteta dator Zetak taldearen bideoklip barria

Bizkaie! 2020-04-23 13:09   Musikea

Zaleek bialdutako irudiakaz egin dabe ikus-entzunezkoa.

Covid-19aren sasoia gogorra da musikari eta zaleentzat be, baina Zetak talde nafarrak itxaropena eta indarra zabaltzeko bide eraginkorra dakar, Zeinen ederra izango den izenburuko abestia eta bideoklipa hain zuzen. Bideoa ikusgai dago hemen, eta Spotify plataformara bihar, barikua, igongo dabe kantua.

Depresino kolektiboaren garai honeetan, Zetak-ek itxaropenaren ereserkia egin nahi izan dau, adierazo dabe taldekideek. Bizitzearen alderdi positiboa azpimarratzen dau kantuak, alkarregaz egotearen poztasuna eta iluntasuna argitzeko izpien beharra. Zeinen ederra izango den, eguzki izpiak zure itzala belarretan marrazten, muxu bat Larrunen, garagardo bat zerura eroritakoen omenez, dino kantuaren leloak. Pello Reparaz Zetak-eko kideak idatzi ditu berbak.

Dana dala, Zeinen ederra izango den abestiaren alderdirik bereziena bideoklipa da. Bideo txatal laburrak bialtzeko eskatu eutsen Zetak-ek zaleei, jasotakoakaz bideokliparen irudiak egiteko. Kontua da ze 9.433 bideo jaso dituela, hiru minutu pasautxuko bideo baten sartzen diranak baino gehiago duda barik. Zaleen erantzuna bikaina izan da, beraz.

Jasotako irudi horreetako batzuk agiri dira bideoklipean. Kantuaren berbakaz bat eginaz, irudi argitsuak dira gehienak, paisajeak ikusten dira, naturea, irribarreak eta jentea alkarregaz disfrutetan. Amaieran, bideo txatalak bialdu dituen guztien izenak irakurri leitekez.

Ez dakigu noiz bueltauko diran musikariak oholtzetara, ezta barriro lagunartean musikaz noiz gozau ahal izango dan be. Bien bitarteko itxaronaldirako antidotoa dakar Zetak-ek, jarraitzaileei eta Euskal Herri osoari mezu positiboa bialtzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu