Ainhoa Artetxe Uriarte: 'Ezbardin bueltauko gara, baina bueltauko gara, jakina'
2020-04-27 07:55 BarriketanAktorea, gidoilaria, zuzendaria... Kantetan, jantzan, idazten, antzezten eta margozten gozetan dau Ainhoa Artetxek, artea maite dau. Arte dramatikoko ikasketak egin zituan Madrilen, baita zuzendaritza, gidoi eta clown ikasketak be. Azken urteotan telebistako hainbat serietan parte hartu dau, HBO-ko Patria-n adibidez, La línea invisible Movistar Plus-erako, Goenkale ETB1 eta Pikuak Maddi Castrok zuzendutako webseriea. Antzerkian be badabil, besteak beste, Juan Carlos Corazza eta Ramon Bareagaz lan egin dau.
Azken aldian, barriz, konfinamendu sasoian, Miren Gotzone seriea sortu eta 25. kapitulu daroaz honezkero...
1.- Zertan, zein lanetan atrapau zintuan pandemiak?
Antzerki lanetan batez be. Obra bi nituan eskuartean, alde batetik ¿Qué fue de Ana Garcia?, euskeraz, Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?, Pabilioi 6ko gazte konpainiaren obrea, Borja Ruizek zuzenduta; bestetik, Mari eta gaileta fabrika Eidabe-rena. Biekaz funtzino asko nituan martian, apirilean eta maiatzean eta orain danak atzeratu egin behar izan doguz, baina berez, ez dakigu noiz egin ahalko diran be.
Filmazinoren bat be baebilen hor bueltaka, oraindino guztiz adostu barik, baina ez dakit ze pasauko dan zinemeagaz.
2.- Kontzertuak, antzezlanak bertan behera geratu dira... Dana dago geldi eta kultura arloan be egoerea ez da bolanderak botateko modukoa. Internet, behinik behin, hor dago eta online makinatxu bat gauza doguz aukeran. Zelan okurridu jatzun Miren Gotzone seriea sortzea?
Banekian ikus-entzunezkoak produziduteko aukera ona zala, etxetik, mobilagaz. Hasieran ez nintzan ausartzen baina azkenean animau eta nire burua grabetan hasi nintzan, proba moduan. Miren Gotzone, erregistroan neukan personaia zan, lagunekaz subertau zana orain dala urtebete, gitxi gora behera. Modu informal baten egiten neban, lagunekaz, barre egiteko eta haren “berbakerea danei oso erraz sartzen jaken buruan, funtzionetan eban. Orduan, konfinamenduaren hasieran, okurridu jatan personaiagaz grabetea baina orain nire sare sozialetara igoten. Erantzuna ikusita, egunero kapitulu bat grabeteari ekin neutson.
3.- Miren Gotzonek jorratzen dituan gaien artean, COVID 19 pandemiak eragindako egoerak eta pasadizoak dira nagusi, umorea eta euskal kulturea ahaztu barik. Ez da lan erraza izango...
Ba ez, ez da lan erraza. Egunero 5-6 ordu paseten dodaz honegaz. Lana da. Ideak pentsau, nire burua grabau, askotan familian edo bikotearen laguntzinoa jasoten dot, eszenatokiak atondu, muntaketa lanak egin, sare sozialetara igon eta bestelako zereginak. Ordu asko dira, baina gustora egiten dot. Niretzako be entrenamendua da artista moduen eta gero eta hobeto konpontzen naz kamareagaz.
4.- Orain 25 egun hasi, egunean kapitulu bat, ez jako amaierarik igarten serieari. Amaierea pentsauta daukazu?
Egia esanda ez. Ez dakigu noiz arte egongo garen holan, beraz, ez dago amaierarik oraingoz. Eta konfinamendua amaitutakoan be, nik uste, Miren Gotzonegaz beste modu baten jarraituko dodala, oraindino ez dakit zelan, baina pentsauko dot.
5.- Zeureak dira kapitulu guztietako ideak, gidoiak, grabaketak (batzutan neba, bikote edo amaren laguntzaz), muntaketa lanak eta materiala banatzea be zeure lana da; hori gitxi ez eta Miren Gotzone-ren jarraitzaile guztien mezuei erantzuten deutsezu. Zelako mezuak izaten dira?
Mezu gehienak eskerrak emotekoak izaten dira. Hau bai ez nebala espero, holako erantzn bikaina izatea, kriston indarra emoten deustie aurrera jarraitzeko. Egunero hainbat mezu jasoten dodaz, gehienetan, eskerrak emoteko izaten dira egoera honetan Miren Gotzoneri esker barre egin ahal izateagaitik, alaitasun momentu hori eskaintzeagaitik eta arduratzen gaituen gaietaz barre ein ahal izateagaitik. Jarraitzeko eskatzen deustie, gora adi ez geratzeko mesedez, terapeutikoa dala eurentzako be, eta gehiagu behar dabela.
6.- Badozu gehien gustetan jatzun kapitulurik? Introa eta Aberri Egunekoa ez ziran txarrak izan...
Bai, horreek ondo dagoz. Danak dira interesgarriak, baina niri grazia gehien egiten deustana 17. Kap: Iragana / El pasado da, Miren Gotzoneren bizitzako argazkiak agertzen diran kapitulu bat da, umore absurdoagoa izan daiteke, gustuak dira, baina niri asko gustetan jat hori. Badagoz beste batzuk be, berbarako, 14. Kap: Zumbie/Zumba Miren Gotzonek zumba praktiketan dauen bat.
7.- Kapitulu guztiak elebidunak dira. Zergaitik?
Hizkuntzak erabilteko beste modu bat da, nire inguruan ohikoa dana. Askotan paseten gara euskeratik erderara, arazo barik, naturala da Bilbo lako uri baten adibidez. Gainera nik horren alde egin gura dot, euskerea sustatzeko beste modu bat da. Madrileko lagun askok ikusten dabe seriea, edo estaduko beste leku batzuetatik, eta eurek be euskerea ezagutzeko modua da. Lehengo egunean adibidez, Andaluziako mutil batek idatzi eustan esanez bera hemen bizi izan zala eta eskertzen ebala pilo bat nire bideoak ikustea, berarentzako euskerea ikasten jarraitzeko modu bat zalako.
Bestetik, hemengo jenteagaitik be bai, pare batek esan deustie euskera gehiagu egiten dabela etxean Miren Gotzoneri esker. Eta niretzako hori oso positiboa da.
Gainera ez da holan lan egiten dodan lehen aldia, nik produkzino etxe bat daukat, “Neuke Produkzinoak”, hain zuzen be eta bertan sortu genduan “Normala” seriean, bardin egin genduan, hizkuntzen nahasketea.
8.- Aktorea, sortzailea zaitugu eta Ramon Bareagaz eta Juan Carlos Corazzaga lan egin dozu. Zelako esperientziak izan dira?
Ramon Bareagaz Romeo eta Julieta obran egin neban lan eta El gran mercado, Juan Carlos Corazzagaz izan zan, Pabilioi 6ko Gazte Konpainian, 2017an. Ramonegaz beti gustora eta Pabilioi 6 aretoan be bai, Ramon oso profesional ona da baina kriston bihotza dauka eta niretzako plazerra da beragaz lan egin ahal izatea eta bera nire inguruan euki ahal izatea. Uste dot berak eta Pabilioi 6 aretoan lan egiten daben danek, lan sano garrantzitsua eta beharrezkoa egiten dabizela Bilbon.
9.- Goenkale, Pikuak, telebistako hainbat serie, film laburrak eta bideoklipak... Ze erronka dozu bihar-etzirako?
Beharrean, lanean jarraitu gura dot, zoriontsua naz ogibide honetan; alde batetik, espero dot serie eta pelikula gehiagotan lan egiten jarraitzea, asko maite dot zinemea eta hortik jarraitu gure neuke.
Antzerkian be ahaztu barik, asko gozetan dot momentuan biziten dodan adrenalina horregaz eta hurrengo urterako hainbat obra daukadaz zain, proiektu barriak, jente eta proposamen interesgarriakaz.
Eta bestetik, nire proiektuak sortzen jarraituko dot. Idea asko jabiltaz buruan, serieak sortzeko ilusinoa daukat eta, akaso, aurrerago pelikularen bat, nork jakin...
Neuke Produkzinoak, nire produkzino etxeagaz be, nire beste bi kideakaz, Grace Doniz eta Unai Elizaldegaz, ikus-entzunezkoak sortzen jarraitu gura dot, genero ikuspegia darabilgu eta arlo horretan lan asko dago egiteko oraindino.
10.- Hilaren 21 eta 22ko greba digitala egin ostean, zeintzuk izan daitekez pausuak lehengo egoerara bueltetako? Posible ete da lehengora bueltetea?
Ez dakit. Espero baietz, baina gu geu ez gara bardin bueltauko. Egoereak geure nortasunetan ondorioak izango ditu eta espero dot onerako izatea. Nik uste, koronabirusaren egoerak euki ahal dauen alde positiboa, inguruko eta barruko hausnarketea egiteko aukerea izatea dala eta, kasu honetan, hausnartzekoa da artiston bizimodua. Beharrezkoa da nire ustez gure lan baldintzen inguruko aldaketak egitea, gure lana balorau eta gobernuak zeozelan gure herriko kulturea bultzatu eta babestea. Egoera honek argi itxi dau zein dan artearen garrantzia eta hori jagon egin behar da, kultureak egiten gaitu herritar.
Espero dot laster eszenatokietara bueltau ahal izatea, baita filmazinoetara be. Baina hori posible ez dan bitartean, beste modu batzuk bilatu beharko doguz, ala nork jakin, akaso, hemendik aurrera artea egiteko beste bide batzuk be zabalduko doguz, horretan gabiz. Baina gure lana duina izan behar da, gizarte honetan baloretan diran beste sektore batzuetan legez.
Ezbardin bueltauko gara, baina bueltauko gara, jakina.
Informazino gehiago: Instagram, Trauko, Neuke Produkzinoak, Facebook eta Youtube
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!