Osasun Sailak eta UPV/EHUk alkarlanean jarraituko dabe

Bizkaie! 2020-04-21 09:55   Pil-pilean

Probak pazienteakaz erabili ahal izateko, beharrezkoa da baliozkotze kliniko gehigarri bat egitea.

Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Osakidetzak berretsi egin dabe alkarlanerako bide bat ezarri behar dala Euskadin koronabirusari aurre egiteko, ikerketa arloan lankidetzeari eutsiz. UPV/EHUk Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII) COVID-19gaz lagin klinikoen PCR analisiak egiten laguntzeko laborategi legez gaitzeko prozedurea gainditu ondoren, erakunde biek lankidetzea estutzen dabiz horreek erabilteko aukerak aztertzeko.

Azken egunetan egindako bilera teknikoek UPV/EHU buru dauen ikerketa-proiektua aztertzeko balio izan dabe, COVID-19 atzemoteko proba bat prest jarteagaz lotuta; alde biak bat etorri ziran Carlos III.a Institutuak trebakuntzea lortzea albiste ona dala Euskadiko ikerketa-eremuan, zorroztasuna eta aintzatespena emoten ddutselako.

Lortutako trebakuntzak ikertzaile guztiek erabilitako teknika ona aintzatesten dau baina proba horreek pazienteakaz erabili ahal izateko, beharrezkoa da baliozkotze kliniko gehigarri bat egitea. Teknika hau ikerketa-laborategi baten ikuspuntutik gaituta dago; halan da be, froga gehiago egitea falta da, kutsatutako personetan erabilgarria izan daiten, izan be, asistentzia-eremuan teknika bat erabili ahal izateko ohiko prozesua da. Horretarako, UPV/EHUko ikertzaileek eta Osakidetzako asistentzia-langileek beharrean jarraituko dabe datozen egunetan, probea ahal bezain laster eskuragarri izateko eta, ondoren, proba horreek erabilteko dagozan aukerak aztertzeko, betibe asistentzia-eremuaren eta lankidetza-hitzarmen baten babespean. Kontuan izan behar da, gainera, EHUk testak egiteko dauen gaitasuna egunean 500 eta 1.000 artekoa dala.


Lankidetzea

Gogoratu behar da erakunde bien arteko alkarlana eten bakoa dala, izan be, pandemiari aurre egiteko Osakidetzak landutako Kontingentzia Planaren barruan dago unibersidadeko laborategia. UPV/EHUgaz batera plan honek beste baliabide garrantzitsu batzuk be baditu, besteak beste, osasun-ikerketako institutuak (Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba), Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Euskal Sareko 16 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroak, Eusko Jaurlaritzea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta SPRI taldea, azken horreek BRTA taldekoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu