Aste Nagusirako atzerakontua ospatzeko deia egin dau Bilboko Konparsak taldeak

Bizkaie! 2020-04-21 08:48   Pil-pilean

Ospakizun ekimena apirilaren 23an, eguenean izango da.

Bilboko Konpartsak erakundeak deitu dau eguenean, apirilaren 23an, ospakizun ekimena egitea, aurreko egunean lau hilabete faltako diralako Aste Nagusiaren hasierarako. Badator Marijaia! abestia atxaki hartuta, hainbat proposamen egin dabe nork bere etxean 19:00etan egin eta #AsteNagusia2020 traoleagaz sareetan zabaltzeko. Bilboko Konpartsak bat egin dabe kulturgintzeak deitutako greba digitalagaz eta, horregaitik ekimena atzeratu egin dabe 22tik 23ra.

Goxamena eta erlojua ez ei doaz batera; bata edo bestea zoratu egin da, holan dakar Edorta Jimenezek eta Kepa Junkerak 1997an sortutako Badator Marijaia! kantuak, ordutik miloeka bilbotarren, euskal herritarren eta bisitarien bihotzak piztu, poztu eta puztu dituana, jantzarako bulkada kontrolaezina eta aldaka-hausturak edonon eraginez. Gaur egun be, antzekoa da egoerea: munduko jairik onenak gozetako inoiz baino gogo handiena izanda be, konfinamenduan asteak pasau ahala pentsau daiteke gero eta urrunago dagozala gur jaiak, baina ez da holan.

Egutegiaren arabera, Aste Nagusi bakarra munduan abuztuaren 22tik 30era egitekoa da aurten. Beraz, eguaztenean, apirilaren 22an, lau hilabete faltako dira uger, uger, Bilboko uretan, Mari, Mari, Marijaia etorteko. Horregatik, Bilboko Konparsak erakundeak apirilaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, Badator Marijaia! abestu edota jantzan egiteko deia egin dau; Marijaiaren jarrerea imitau eta besoak altzatuta; zapia, konparsen elastikoa, Aste Nagusiko kamisetea edo auzoko jaietako erropea jantzita; txupina botateko prest; nork bere gogoko edaria edalontzi berrerabilgarrian edateko... Eta Aratusteetan esan genduanez, momentu horreek guztiak malkoak euritan bezela denporan galdu ez daitezan, sare sozialetan egindakoa konpartidu, #AsteNagusia2020 traolea erabiliz. Modu berean, Aste Nagusian bizi izandako momentu magikoak zabaltzeko deia egin dabe, aitatu traolea ipinita.

Danok gagoz gonbidauta ekimen horretan parte hartzen: bilbotarrak, bizkaitarrak, euskal herritarrak, munduko biztanle danak, baita infinitua eta haragokoak be; neskatoak, agureak, helduak, emakumeak, danak gura ditugu protagonista.

Ekimena, edonondik egin daiteke: nork bere balkoian, etxean, egongelan, logelan, lorategian, telelaneko bulegoan, lantegian edo ganbaran, garrantzitsuena da zapia lepoan, alkar hartuta, kolore guztiak, jantzan eginez bertsoek aspaldidanik emon deuskuezan alaitasuna eta indarra irudikatzeko eta auzokideakaz eta munduagaz konpartiduteko.

Informazino eskaseko eta ziurbakotasun handiko garaiotan, desiratzen dogu 'abuztuan danok, zahar eta gazte, gizon eta andre, jaietan bertsoak beste behin be errealidade bilakatzea, izan be, horretarako telelanean dabiz egunotan ehunka konparsakide, unean-uneko osasun-erispideak jarraitzen.


Kulturgintzeak deitutako greba digitalagaz bat

Ekimena zergaitik egingo da 23an, Aste Nagusirako lau hilebeteko epemugea 22an bada? Bada, Bilboko Konpartsak erakundeak bat egin dauelako kulturgintzeak apirilaren 21erako eta 22rako deitutako greba digitalagaz. Kulturgintzan.eus webgunean kultura munduko 800 lagun eta eragilek zabaldutako manifestuak dakarrenez, egun horreetan Interneten kultur edukirik ez konpartiduteko deia egin dogu eta, beraz, kontraesankorra iruditu jaku jaiei lotutako edukiak egun horretan sareratzea eskatzea. Ikus gaitzazuen desagertuko gara; entzun gaitzazuen isilduko gara goiburupean, grebearen helburuak dira kulturgintzeari buruzko gogoeta eta eztabaida soziala eragitea, preminazko neurriak exijidu eta euskal kulturgintzearen ekosistemea osotzen dogunon alkargunea antolatzen hastea.

Modu berean, Bilboko Konparsen Federazinoak besarkada bero bana eta esker ona bialdu deutse artistei, kultur langileei eta beste kultur eragileei, 1978tik hona beti euren onena emon eta Aste Nagusia gaur egun dana egiten lagundu dabelako.

Gure maitasuna eta esker ona helarazo deutsegu osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, jagoletza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dabenei, baita langik barik geratu diran guztiei be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu