Harrapazank programeak sarera egin dau salto
2020-04-20 09:02 Euskerea berbagaiBilboko gazteentzako tailerrak eta lehiaketak online izango dira udabarrian.
Topaguneak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen daben Harrapazank euskerazko aisialdi programeak 15 urte bete ditu aurten, baina modu bitxian ospatu beharko dabe, Covid-19aren eraginez. Aurrez aurreko saiorik ezin danez egin, apirileko eta maiatzeko jarduerak sarean izango dira. Hori bai, betiko eskaintza oparoari eutsi deutsie.
Uriko gazte euskaldunek (10 eta 18 urte bitartekoek) etxetik gozau deien eta etxean geratzea erakargarria izan daiten, Harrapazank Isindahouse izeneko egitaraua atondu dabe, apirilaren 20tik maiatzaren amaierara. Aurrez aurrekotik internetera pasau arren, programeak betiko helburua dau, hau da, gazteei euskerazko aisialdia eskaini eta kulturea eta sorkuntzea lantzeko aukerea emotea, ekintza parte-hartzaile eta barritzaileen bidez.
Harrapazank Isindahouse lau zati nagusitan banatuta dator: Klikazank sareko proben lehiaketea; Harrapazank Eszena talentu lehiaketearen online bersinoa; Arratsaldeak izeneko tailer moltsoa; eta zuzeneko jaia. Lehiaketetan sariak banatuko ditue antolatzaileek.
Klikazank gaur bertan, astelehena, hasiko da, eta sarean egin beharreko sei proba gainditu beharko ditue gazteek. Astero proba bat egongo da, maiatzaren 25era arte. Harrapazanken webgunean eta sare sozialetan ikusi ahal izango dira probak.
Harrapazank Eszena urterik urtera arrakastatsuenetako bat izaten da, gazte ugarik euren talentua erakutsi eta lantzeko bidea topetan dabelako, artista ospetsuen laguntzinoagaz. Aurten ezin izango da casting eta gala arruntik egin, beraz, online izango da lehiaketea. Bideo-castingak bialdu beharko ditue parte-hartzaileek, banaka zein taldeka. Ylenia Baglietto, Xabi Hoo, Iholdi Beristain, Ugaitz Alegria eta Aritz Mendiola epaimahaikideek 15 onenak aukeratuko ditue hurrengo faserako.
Arratsaldeak atalean, ostera, jakinmina asetu gura daben neska-mutilentzako hamaika tailer antolatuko ditue, bakotxak bere etxetik segidu eta egiteko. Magoen trikimailuak, DJen lanbidea, zumba euskal musikeagaz, makillajea, Tik-tok tutorala... egongo dira aukeran.
Azkenik, udabarriko Harrapazank biribiltzeko, Harrapafest jaia egingo dabe maiatzaren 30ean, 18:00etatik gauerdira. Hitzordua Instagramen jarri dabe. Miren Gaztañagak aurkeztuta, Eszena ataleko lau irabazleak agertuko dira oholtzan, DJ Txurruk musikea ipiniko dau gero eta sariak banatuko ditue, besteak beste.
Betiko legez, Harrapazankeko jardueretan parte hartzea doban da. Izena emon leikie 10 eta 18 urte bitartean daukiezan gazte bilbotarrek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!