Iñigo Valencia: 'Boiseko euskal komunidadea pasada bat da'

Dabi Piedra 2020-04-20 08:00   Barriketan

Boiseko Ikastolako irakaslea.

Udan heldu zan Iñigo Valencia lekeitiarra Amerikako Estadu Batuetako Boise urira. Harrezkero, Idahoko uriburuko ikastolan dabil irakasle, ume txikiei klaseak emoten. Helduentzako euskera eskolak be emoten ditu. Diasporako euskal komunidaderik handienetako bat topau dau Boisen, euskal etxe, jantza talde eta museo eta guzti.

Zoritxarrez, Covid-19 gaixotasunak planak aldatu eragin deutsaz. Ikastolea zarratuta dagoanez, ordenagailuaren bidez baino ez ditu umeak ikusten, eta euskal komunidadearen jarduera ugari bertan behera geratu dira, esate baterako, udako Jaialdia, Estadu Batuetako euskal jairik handiena. Konfinamendu sasoi betean, Boise aldetik zelan dabilen kontau deusku Iñigo Valenciak.

 

1.- Idahon zelako neurriak ipini ditue koronabirusari aurre egiteko?

Idaho estaduan martxoaren 25etik dago agindua etxean egoteko, eta oinarrizko lanbideetakoak bakarrik ahal dira lanera joan: Supermerkaduetako langileak, osasun zerbitzukoak, gasolindegietakoak, zaharren etxeetakoak, besteak beste. Jatetxeak be zabalik dagoz, baina janaria edo edaria bertan jasoteko edo eroateko bakarrik, jatetxeetan bertan ezin da jan ez edan.

 

2.- Euskal Herriagaz badago diferentziarik?

Euskal Herriagaz dagoan desbardintasun handiena da oinez egitera urten ahal zarala, korrika be bai, hiking edo mendira, eta bizikletaz be bai. Beraz, aire zabalean kirola egiteko aukerea dago, beti be metro bateko (sei oin) distantzia gordeta. Euskal Herrian, bestalde, etxean egon behar zarie bai ala bai, eta bestela isunak jasoteko arriskua dago. Horrezaz gan, esan gura neuke Idaho estadua sei bidar dala EH baino handiagoa eta biztanleriaren erdia bizi garala, orduan, neurriak gitxieneko baten bete ezkero oso gatxa da kutsatzea. Momentuz, 1.200 kutsatu dagoz gitxi gorabehera, eta 15 hildako estadu osoan.

 

3.- Zuk zelan daroazu konfinamendua?

Lehendabizi, familia eta lagunak osasuntsu eta ondo dagozala jakinda, norbera be pozik eta indartsu. Hasieran, egoera barri danetan modura mesfidati eta ezjakintasunean egon nintzan, baina, denpora bat pasau eta gero egoera barri honetara egokituta nago. Uste dot danok behar dogula egokitzapen prozesu bat gauza barrien aurrean. Zorionez, etxe handietan bizi gara eta beste etxeetatik nahikoa bananduta dagoz lorategi, ortu edo lur sail handien bitartez. Pisuetan be bizi da jentea Boise uriburuan, baina Idahon ez da oso ohikoa orokorrean. Beraz, nik egunero errutina bat daukat: goizetik altzau, gosaldu eta gero ikastolako lankideakaz kontaktuan jarri, materiala preparau edo prest daukaguna ikasleakaz konpartidu, ikastolako txikitxuakaz berba egin, ondoren, Euskal Herrian zortzi ordu gehiago danez, familiagaz eta lagunakaz berba egin eta janaria preparau. Arratsaldez, kirola egin, eguzkia hartu (zelai bat daukagu etxean), irakurri, telebista ikusi eta amaitzeko, Ameriketako lagunakaz berba egin. Zorionez, eguna hegaz doa.

 

4.- Boiseko Ikastolan zelan eragin dau egoera honek?

Sintomak agertu aurretik, hau da, inkubazino garaian erabagia hartuta egoan ikastolea ixteko. Beraz, Boiseko eskola-barrutiagaz batera itxi genduan, artean gobernadoreak etxean egoteko agindua emon aurretik. Egia esan, badaroaguz hiru aste ikastolea itxi genduanetik eta uste dot erabagi egokia izan zala guztiz. Nire lankideak, Ane Goenaga azpeitiarra eta Sarah Artis amerikarra, eta batez be gure txikitxuak ez ikustea daroat txartoen konfinamendu garai honetan. Bestalde, guraso bat kenduta, besteek ez dakie euskeraz, orduan guretzako ez da bape erraza umeei laguntzeko eskatzea. Horretxegaitik, Ane Goenagak eta biok hainbat bideo praparau genduzan errutinetan erabilten dogun materialagaz, eta sentimenduakaz, eguraldiagaz, egutegiagaz (hilabeteak, zenbakiak…), koloreakaz, agurrakaz… lotutako bideoak konpartidu doguz eurakaz, etxean landu deiezen. Eta astean behin ikasle bakotxagaz euskeraz berba egiteko tarte bat ateratzen dogu Zoom bidez.

 

5.- Politikariak zelan dabiz jokatzen?

Idahon, Brad Little gobernadoreak ez dau nahi jenteagaz txarto gelditu eta zorrotza izan beharrean nahikoa malgu dabil. Etxean egoteko agindu deusku, baina era berean aire zabalean paseoan ibilteko, bizikletan, korrika edo mendian. Nahi baino jente gehiago dabil kalean, distantzia sozialari eusten saiatu arren. Nire uste apalean, etxean egon behar ginateke, eta hau dana kontrolpean euki arte itxaron. Trumpi jagokonez, aurten hauteskundeak dira eta horren arabera jokatzen dabil, koronabirusaren kontu hau erabilten dau bere burua gehiago promozionetako. Ikusten da bere buruagan bakarrik pentsetan dauela eta ez Estadu Batuetako gizartean. Bere agerpen bakotxa show bihurtzen dau, eta saiatzen da fokua beste leku baten ipinten. Hori ez da bape lagungarria Amerikako gizartearentzat. Beraz, ikusiko da denporeak bere lekuan ipinten badau Trump, edo beste behin be gizarteak beste alde batera begitu eta bardin jarraituko badau honek guztiak.

 

6.- Estadu Batuetan bizi zara udatik: hangoaz hemen daukaguzan topikoak konfirmau ala guzurtatu egin dozuz?

Egia esan, topiko asko bai. Kotxeak eta kamioiak ikaragarri handiak dira, supermerkaduetan be gauza asko oso handiak dira, American Dream dalakoa barneratuta daukie; etxe handietan bizitzeko ohiturea dago orokorrean, familian denpora asko pasau… gurea baino gizarte indibidualistagoa da, supermerkadu asko 24 ordu dagoz zabalik, eta egunero lan gehiegi egiten dabe. Jatetxe eta tabernetan, prezioan ez dago zergea sartuta. Parke nazionalak ikaragarriak dira, asko armakaz obsesionauta dagoz, unibersidadeko graduazinoak ikusgarriak dira, jaiak indar handiz ospatzen ditue: Halloween, Thanksgiving, July the 4th, gabonak…

Baina, beste alde batetik, Idaho estaduan eta Boisen, behintzat, jentea oso atsegina eta hurrekoa begitandu jat, beti laguntzeko prest. Parkeetan eta Green Belt-ean (gure bide gorrian) edonork agurtzen zaitu. Anekdota txiki bat nahi dot kontau: Kaletik zoazanean eta jenteak galdetzen deutsunean Hey, how are you?, ez dagoz galdetzen ia zelan sentiduten zaren, agurtzeko modu bat besterik ez da. Hasieran, persona horregaz parau eta berbetan hasten ginan, baina konturatu ginan agurtzeko modu bat besterik ez dala, jajajaj. Orduan, gaur egun Fine, thanks, and you? esan eta aurrera.

 

7.- Asko bidaiatzeko aprobetxau dozu Boiseko egonaldia. Ze leku izan dira ikusgarrienak?

Zorionez, Ane Goenaga nire lankidea be zalea da, eta leku parebako asko bisitetako aukerea izan dogu: Zazpi Parke Nazionaletan egon gara; Grand Canyon, Grand Teton, Yellowstone, Antelope, Zion eta Bryce, besteak beste. Gero, San Francisco, Los Angeles, Las Vegas, Hawaii, Vancouver (Kanada) be bisitau doguz, baita Euskal Jaiak ospatzen diran eta euskal komunidadea dagoan beste leke batzuk be: Paradise Valley, Elko, Homedale, Sun Valley… Boise ingurua eta Idaho zoragarriak dira. Halandabe, gehien gustau jakuzen lekuak Parke Nazionalak izan dira, besteak be ahaztezinak izan arren. Parke Nazional bat aukeratu behar badot, Yellowstone.

 

8.- Ikastolako giroa eta lan egiteko modua zelakoa da? Gustura zabiz?

Lehenik eta behin esan behar dot nire lankide Ane Goenagagaz astean 50 bat ordu pasetan dodazela lanean. Ikastolatik kanpo, Euskal Museoan euskera klaseak emoten doguz, 6 urtetik 12ra eta 14tik 72 urte bitarteko ikasleei. Beraz, beragaz hain ondo konpontzea zorionekoa izan da. Sarah Artis zuzendariagaz primeran moldatzen gara eta hirurok talde bikaina osatzen dogu. Hezkuntzea maite dozunean eta txikitxuakaz lan egitea maite dozunean, beharrera joatea pozgarria da. Emoten dituan poztasuna, energia positiboa eta indarra benetan azpimarragarriak dira familiatik eta lagunakandik urrun zagozenean. Horrezaz gan, gure kasuan, milaka kilometrotara egonda geure kulturea zabaldu eta geure hizkuntzea irakasteko aukerea izanda zorionekoak gara. Nire bizitzan hartu dodanik eta erabagirik onenetarikoa izan da, eta esperientzia ahaztezina izango da. Beraz, oso gustura nago, ezin hobeto!

 

9.- Zerk bultzatu zintuan Lekeitio itxi eta Boisera lanera joatera?

Beti euki dot gogoa atzerrira joan eta ingelesa hobetzeko, jente barria ezagutu, kultura ezbardinak bizi, bidaiatu… eta Boisek daukan euskal komunidadeagaz, Jaialdiari buruz gauzak entzuten, eta jakinda ikastolea dagoala, Hezkuntza mundua oso gustuko dodanez, aukera ona ikusi neban lagun batek informazinoa pasau eustanean.

Ganera, bizian zehar beti dagoz gorabeherak eta erabagia hartu neban garaian uste neban pausua emoteko unerik egokiena zala. Orduan, ingurukuakaz berba egin eta euren babesagaz aurrera joatea pentsau neban. Ez zan erraza izan, 80 personak egin ebelako eskaria Boiseko ikastolara etorteko, baina azkenean, zorionez hautatu bietako bat izan nintzan, eta hemen nago bizipen zoragarri hau unez une bizitzen.

 

10.- Boiseko euskal komunidadetik zerk harritu zaitu gehien?

Boiseko euskal komunidadea pasada bat da. Oinkariak jantza taldean 70 bat persona dagoz. Esku pilotan, batez be palan, 20 lagunetik gora egongo gara, domekero musean 10-15 persona alkartzen gara, euskal-amerikarren talde bi dagoz, Amuma Says No! eta Kalimotxo Cowboys, eta euskal korua be bai. Euskal Bloke bat dago, eta kale horretan, honeek: Euskal jatetxeak (Gernika, Basque Market, Leku Ona), Euskal Etxea, Euskal Museoa. Boiseko Taupada irratia be badago, euskera klaseak emoten dira museoan eta BSU unibersidadean. Euskal jantza, sukaldaritza eta mus tailerrak antolatzen ditue, eta hilero Euskal Etxean ehundaka persona batzen gara afari baten. Etxean modura sentiduten gara Boisen. Bestalde, gehien harritu nauena izan da, zelako gaitasuna dagoan boluntario izateko, Boisen bertan eta Ipar Ameriketako Euskal Erakundean (NABO). Beraz, jente horrentzako esker oneko berbak besterik ez daukadaz.

 

11.- Udako Jaialdia bertan behera itxi dabe, 2021era arte. Penaz geratu zara?

Buaaaaaa, izugarrizko disgustua hartu dot. Alde batetik, komunidadean oso inplikauta gagozalako, Festara izeneko ikuskizun baten parte hartzeko egon gara Ane eta biok; NABOren karpea be euki dogu, euskerea bultzatu eta jolasak egiteko euskeraz. Ganera, Athleticeko jokalarien (neska eta mutil) eta Euskal Gobernukoen bisitak jasotekoak izan gara Boiseko ikastolan. Penaz gelditu naz, baina uste dot erabagirik zentzudunena eta egokiena hartu dala danontzat. Halanik be, hurrengo urtean ziur hemen egongo nazena, jajaja.

 

12.- Koronabirusagaz nahiko ez, eta lurrikara gogor bat be euki zenduen orain dala aste batzuk. Zelan bizi izan zenduan momentua?

Richter eskalan 6,5eko lurrikarea jasan genduan, 10-15 segunduz astindu gintuan. Zorionez, ez zan etxe kalteturik eta zauriturik egon. Epizentroa Boisetik 126 bat km-ra izan zan. Ondoren, beste astindu txiki batzuk egon ziran, baina askoz indar gitxiagokoak. Nire kasuan etxean egon nintzan kirol pixka bat egiten, eta, egia esan, ez neban jakin zelan erantzun egoereari. Blokeauta sentidu nintzan eta lurrikarea pasau arte geldi egon nintzan. Halanik be, esaten dabe ate azpian jarri behar zarala, mahai azpian babestu edo ahal bada kalera urten. Birusa modura, hau be niretzat bizi beharreko esperientzia barri bat izan da eta datorren modura hartu eta aurrera egin bihar da.

 

13.- Boisen luzaro geratzeko asmoa dozu?

Gustauko jatan beste urte bat edo gehiago Boisen gelditzea. Zeure kulturea eta hizkuntzea zabaltzea benetan pasada bat da, hunkigarria; ez zara konturatzen bertatik bertara bizitzen egon arte. Bestalde, ingelesa hobetzeko aukera parebakoa da, egiten gagozan lagunak, bidaiak eta euskal komunidadea ikaragarriak dira. Boiseko ikastolako esperientzia ahaztezina eta bakarra da. Euskal Herrira joateko gogoa daukadan arren, hemen gelditzeko gogoa dot. Baina bisadua dala eta, ezinezkoa jaku hemen gelditzea. Beraz, familiari, lagunei, lankideei eta taldekideei ez jake beste erremediorik gelditzen ni aguantetea baino, jajaja.

 

Argazkiak Iñigo Valenciak itxitakoak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu