Korala vs. Korona
2020-04-17 12:19 MusikeaHelburua da gure komunidadearen konfinamendua arintzea.
Bilboko Koral Alkarteak abesten jarraitzen dau, ateak zarratu zituanetik isiltasuna nagusitu arren bertan, musikearen parte be badana. Koraleko kideak agertoki ugaritan ibili izan dira, baina orain subertau jakuna ez dago ez auditoriumetan ez antzokietan, etxean baino. Erritmoa aldatzeko momentua da, geure barrura begitu eta bakardadeari aurre egiteko jendartea saretzekoa. Koraleko kideak alkarrengandik urrun badagoz be, bat eginda segiduten dabe Korala vs. Korona ekimeneko musika-proposamenen babespean.
Egitasmoaren helburua da, joan dan hiletik, gure komunidadearen konfinamendua arintzea; halan da be, erakunde koralak persona danen eskura jarri nahi izan dau, bere zerbitzu-bokazinoari jarraituz, YouTubeko bere kanalean. Izen bera dauen dobako erreprodukzino-zerrendearen harpidedunek obra eta egile ezagunez nahiz ezezagunez gozetako aukerea izango dabe eta euren musikeak bakea eta lasaitasuna ez eze, zirrarea be eragingo deutse; gainera, puntako koru-taldeek munduko beste leku batzuetara eroango ditue entzuleak.
Ia egunero, Bilboko Koral Alkarteko zuzendari artistiko Enrique Azurzak kantu bat aukeratzen dau berrogeialdia girotzeko, besteak beste, Errenazimentuko harribitxiak, kantu polifoniko korsikarrak, Messiaenen miniatura koral mistikoak, gaurkotasuneko aitamenak oraintsu BBVA Fundazinoaren Fronteras (mugak) saria irabazi dauen Arvo Pärti edo hildako Krzystof Penderecki, pandemia honen eraginez hildakoentzako omenaldiak Herbert Howellsen Requiem ederraren eta bertsoen bidez, Ildebrando Pizzettiren composizioni corali ziklo italiarrak, udabarria goresteko Clément Janequinen Le chant des oiseaux obrea zein Förvarskvall lanaren emonaldia, XX. mendeko koru-zuzendaritzako legenda eta Eskandinaviako koru-mobimenduaren aita Eric Ericsonek zuzenduta. Era berean, ondokoek be izan dabe lekua: Les Arts Florissants, Jean Philippe Rameauren Les Indes Galantes operearen haren ikuspegi transgresoreagaz; Queenen bersinoak, ozeanoaren beste aldetik, Chanticleerren eskutik (segurutik, Freddie Mercuryri gorazarre egiten deutson AEBetako ahots-talderik ospetsuena); Tallingo Ellerhein nesken korua, lurrean errotutako abestiak kantetan dituana; Entrevoces korua, bere ahots-gaitasun parebakoagaz; Kubako Koru Nazionala; eta The Real Group, VOCES8, Vocem flentium, Cappella Amsterdam, Huelgas Ensemble... talde mitikoen maisutasuna jasoten daben grabaketa erakargarri ugari. Apurka-apurka zerrenda horri beste musikari askoren lanak gehitu beharko jakoz, danon gozamenerako!
Bilboko Koral Alkartearen YouTubeko kanala hemen.
Korala VS. Korona egitasmoko erreprodukzino-zerrendea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!