Etxealditik Euskaraldira, apirilaren 20an martxan

Bizkaie! 2020-04-17 08:17   Euskerea berbagai

Hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko ekimena.

Bizi dogun egoerea kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun hartu-emon komunikatiboetan euskera gehiago, gehiagogaz eta gehiagotan egiteko gonbitea. Hori da, apirilaren 20an, Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko dan ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak dakarren proposamen nagusia.

Etxealditik Euskaraldira ekimenak helburu nagusi bi ditu: alde batetik, etxekoakaz eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsarazotea; eta beste alde batetik, euskerearen erabilerea sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.

Ekimenak aurtengo zemendian eta abenduan egingo dan Euskaraldiaren bigarren edizinoa atontzeko baliogarria izatea dau asmo, izan be, udagoienean, Euskaraldiak proponiduko dauen ariketearen oinarriakaz bat egiten dau: 'Bizi dogun egoera ez-ohiko honetan, oraindino be, zeozer baldin badaukagu alkarregaz berba egiteko aukerea eta gogoa dira. Orain ditugun ia hartu-emon gehienak hurrekoakaz ditugula jakinda, erabilten dogun hizkuntzearen gainean pentsau eta aldaketak egiteko pausua emoteko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen jaku, izan be, etxeko konfidantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpoko ohiturak aldatzen joatea', azaldu dau Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.


Ekimenaren nondik norakoak

Hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere hurreko eremuan dituan hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketea eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diran ideen proposamena.

Ekimenak irauten dauen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emongo dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herriko batzordeetako sare sozialen kontuetatik be jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, barriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketea egiteko proposamena zabalduko da: Nogaz eta zelan berba egiten dogun eta zer aldatu edo zeri eutsi gura deutsagun ikusteko ariketa erraza proponiduko deutsegu herritarrei, gaineratu dau Aldabaldetrekuk.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi idea-proposamen kaleratuko dira: Egunero idea bat sareratuko dogu, baina herritarren aukerea izango da danak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakotxak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dogu inor estutu nahi, aukerak emon besterik ez' nabarmendu dau Aldabaldetrekuk.

Zazpi idea horreen azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek egingo ditue. Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko dan ekitaldi bateratuagaz amaituko da: 'Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunidadeari ikusgarritasuna eta batasuna emotea izango dau helburu'.


Egitaraua

Apirilak 18-20 Ekimena badatorrela zabalduko da.

Apirilak 20 Proposamena gizarteratuko da: ekimena azaltzeko bideoak zabaltzea.

Apirilak 21-23 Partaideen hizkuntza ohitura eta portaeren hausnarketarako ariketea.

Apirilak 24-30 Hizkuntza-ohiturak aldatzeko/mantentzeko proposamenak zabalduko dira egunero.

Maiatzak 3 Komunidadeari ikusgarritasuna eta batasuna emoteko ekitaldia (apirilaren 30ean zabalduko dan proposamenean azalduko dira azken ekitaldiaren nondik norakoak).


Herritarren parte-hartzearen bila

Etxealditik Euskaraldira ekimenak herritarrei dei egingo deutse ekimena bere egin deien eta parte aktiboa izan daitezan. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango ditue herritarrek. Parte hartu nahi daben herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako erretratuak sareratu deiezan animauko ditu ekimenak: Aukera honi heldu ezkero, oso garrantzitsua da @euskaraldia aitamena eta #EtxealditikEuskaraldira erabiltea danok danon barri izateko eta Euskaralditik batze lana egiteko eta hori ahalbideratzeko, azaldu dau Aldabaldetrekuk.

Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartea eskatuko jake partaide guztiei, ekimenean parte hartzen dagozala adierazoteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu