Leioako Umore Azokea, bertan behera

Bizkaie! 2020-04-15 08:02   Kulturea

Ikus-entzuleen eta artisten segurtasunagaitik hartu dabe erabagia.

Igazko edizinoko ikuskizun bat (argazkia: Leioako Umore Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengo konpainiak zeintzuk izango ziran aurkezteko ekitaldian, martian, Leioako Umore Azokako arduradunek ziurtatu eben 21. edizinoa egin ahal izatea espero ebela. Baina Covid-19ak ez dau atzera egin, eta itxialdia oraindino indarrean dago. Hortaz, hilabete falta dan arren, Umore Azokea egiteko baldintza onik ez dagoala ikusi dabe, eta bertan behera geratuko da.

Hartu nahi ez genduan erabagia izan da, Leioako Udalaren arabera. Baina birusaren zabalkundeak eragindako arriskuaren aurrean beste urtenbiderik ez dabe izan, ikus-entzuleen eta artisten segurtasuna gogoan. Asko kostau jaku erabagia hartzea, baina Leioa udalerri arduratsua da, eta beste ezeren ganetik personen segurtasuna dago, adierazo dau Iban Rodríguez Etxebarria alkateak.

Etenaldi behartu honen aurretik, hogei edizino bete ditu Leioako Umore Azokeak bata bestearen atzetik. Aurtengo edizinoa, 21.a, maiatzaren 14tik 17ra egon da iragarrita, baina ez dabe egingo, ez fetxa horretan ezta beste batean be. Hau da, 2021ekoa izango da hurrengo edizinoa. 21ean 21.a, dino Leioako Udalak.

Erabagia orain heldu dan arren, antolatzaileak lehendik be igarten hasiak ziran Covid-19aren eragina: 25 estreinaldi egozan aurreikusita, eta konpainiek zailtasun handiak izan ditue sorkuntza lan barriak aurkezteko. Ganera, askok behar logistikoak zituen, esate baterako estrukturak, eszenografiak eta entseguak, baina horreek guztiak kudeatzea oso gatxa zan, azaldu dabe Udaleko Kultura Sailekoek.

Horrezaz gan, Umore Azokarako oinarrizkoak diran zerbitzuen egoerea be ez da aproposena: ostatuak, jatetxeak, azpiegiturak… ezinbestekoak dira, eta une honetan ez dagoz erabilgarri, itxialdia dala eta.

Leioako Umore Azokeak alkartasuna agertu deutse kaleko arteetan dabizan profesional guztiei, Covid-19aren ondorioz jasaten dabizan egoera larriagaitik. Horreentzat guztientzat arnasgune izateko asmoz eutsi eutsien aurtengo edizinoari, baina azkenean ezinezkoa izango da Leioakoa be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu