Euskal zientzialariek Covid-19a topetako testa sortu dabe

Bizkaie! 2020-04-14 12:27   Pil-pilean

Proba fidagarria eta azkarra dala dinoe.

Ikerlariak beharrean, EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan (argazkia: Ugo Mayor/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19 birusak infektauta nor dagoan jakin ahal izateko test zorrotz eta ugariak behar-beharrezkoak dira pandemiari aurre egiteko. Euskal zientzialari talde batek bere aletxua jarri nahi dau zeregin horretan, eta RT-PCR erako ordezko test bat balioztatzea lortu dau. Horri esker, euskal osasungintzan test arin gehiago egin ahal izango diralakoan dagoz.

Hainbat erakundetako adituek egin dabe bat test barria sortzeko lantaldean: EHUko hainbat sail, Ikerbasque, Achucarro Zentroa, Biofisika Bizkaia Fundazinoa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba dagoz tartean. 55 zientzialari dira.

Itxialdiko lehen astean ekin eutsien testaren teknikea atontzeari, eta aste gitxiren buruan lortu dabe % 100eko espezifikotasuna eta % 92ko zehaztasuna. Beraz, prozesu guztia ohi baino lehenago egin dabe, abiadura bizian, EHUren arabera.

Proba fidagarria eta azkarra da, egileen esanetan, lau ordu baino gitxiagoan emoitzak emoten ditu eta. Hori bai, test bakotxak 15 euroko kostua izango dauela kalkulau dabe. Merketzat jo dabe adituek, proiektuan parte hartu daben erakundeen eskuzabaltasunari esker. Horri kit komertzialik ez dauela behar gehitu behar jako, eta hortaz, beste test batzuen hornidura arazorik ez dauela eragingo.

Birusaren material genetikoaren lagin txiki-txikia hartu eta anplifiketan dau testak, RT-PCR erakoek egin ohi daben legez. Material hori modu kualitatiboan aztertuta, kutsatuta eta kutsatu barik dagozan personak bereiztu leitekez.

Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlariak azaldu dauenez, ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketearen eta zientziaren balioa nabarmentzen dau, baita horreek biek gizartearen ondoizatean izan leikien inpaktu erreala be, jagokon babes instituzionala izanda.

RT-PCR test hau Osakidetzako zentroetan egin leiteke, baita ganerako osasun zentro eta laborategietan be. Gaur egun erabilten dituan kit komertzialak agortuko balira, Osakidetzak berehala erabili ahal izango leuke ordezko hau. Oraingoz, baina, proiektuan sartuta dagozan adituek dinoe ez dala osasungintzan erabili.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu