Irantzu Lekue: 'Bizitzearen metafora ederra da trena'
2020-04-14 08:00 BarriketanArtisteak esku-hartze ugari egin ditu azken urteotan Vasco-Navarro Trenbideko burdinbide zaharretan; Bergaran hasi eta Lizarran bidea amaitzen eban ardatz horrek 75 urte baino gehiagotan lotu zituan herrien historia berreskuratuz. Orain, barriz, El Trenico barriro martxan ikusi ahal izatea lortu dau, desagertu eta mende erdira, praktika artistikoa eta barrikuntzea lotzen dituan proiektu aitzindari bati esker. Informazino gehiago Nafarroako Erresumako webgunean.
1.- Zelan sortu jatzun ardurea Vasco-Navarro El Trenico trenbidearen harian?
Trena bizitzearen metafora ederra da. Trenbideak, geltokiak... istorioak kontau, ikusi, bizi eta imajinatzeko leku perfektuak dira. Maitasun istorioak, jendartearen garapen nabarmenenak, estraperloa, oporrak... Sasoi batean bizitza soziala eta ekonomikoa batzen zituan elementu nagusia trena izan zan. Zer esanik ez abandonauta egon dan holako proiektu baten inguruan...
El trenicogaz dodan miresmena bizikletan ibilten hasi nintzala sortu zan: Gasteiztik igaroten dan bide berdetik abiatuz hasi nintzan trenbide honen garrantzia historikoa ezagutzen. Tuneletatik pasaukeran (argirik bakoak ziran antxina)–, Mendialderaino eroaten gaituen bidetik erabat birrindutako geltokiak ikusikeran, jentearen istorioak entzutean.
2.- Nomadak edo Bidearen Aztarnak, hain zuzen be, El Trenico-ren inguruan jorratutako ekimen praktiko bi dira. Zer nabarmenduko zeunke?
Nomadak proiektua Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan landutako proiektua izan da. Mundu osotik etorritako artistek osotu dabe taldea Euskal Herriko parte-hartzaileakaz batera. Joandakoaren eta etorkizunaren arteko lokarria izan nahi dauen proiektua izan da, sorkuntza artistiko eta kultur kudeaketearen bitartez; memoria berreskuratzeko helburua izan dauena. Vasco Navarro trenbideen historia orainagaz alkartzekoa, bide berdearen bidez. Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotu dira, hainbat eremutako proposamen artistiko –indibidual eta kolektiboen– arteko lankidetzearen eta hibridazinoaren bidez. Antxinako burdinbideak eta egungo bidegorriak: Euskal Herriko kultura-ondareari balioa emonez. Guztia, ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizarteagaz hartu-emonak izateko formula barriak eratu nahi dituan sortzaileen talde baten bidez.
Egoitza artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dana. Nomada izan da; Azpeitiko Dinamon abiatu, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi eta Nafarroan amaitu zana, dozenaka udalerritatik igaro eta horreetako batzuetan maila artistikoan esku hartu eta gero. Street art-a adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontau dau Nomadak proiektuak, gaurkotua, eguneratua, garaikidea eta hori guztia Eusko Jaurlaritzearen Bitartez deialdiari esker egin ahal izan da. Aukera ederra herri ezbardinetako artistak eta arte ekimenak suspertu eta eurekaz sinergiak sortzeko: Azpeitian Kultur Mahaiagaz, Bergaran BEART alkarteko kideakaz edo Sor2 moduko street art-akaz, Mural Art Arrasaten, Aretxabaletako artisten taldea, Eskoriatzako artistakaz, Espazioa edo Orbain Kultur alkarteagaz Gasteizen, GaraiON Ozaetan, 948 Merkatua... herriz herri sinergia sortu ditugu eta trenaren memoria erdigunean jarri dau Nomadak proiektuak.
Bidearen Aztarnak proiektua, barriz, Izaskun Urkijo arkitektoagaz batera landutako proiektua izan da. Guk hainbat ekimen planteau genduzan naturea eta arte interbentzinoak batuz gure ondare industrialari balioa emoteko. Urkijo aditua da horretan eta zineman dauen ibilbidea oso lagungarria izan da. Lehen interbentzinoa Cicujano - Elortzako tunelean egin genduan eta jenteak oso ondo hartu dau. Orain zikloturistak hara bideratzen ditue zonaldean trenak izan dauen eragina, tren honen garrantzia ulertu eta interpretetako. Oso pozik gagoz tunelean, adibidez, mineralakaz eginiko margo bereziak erabili genduzalako: ekologikoak eta uragaz kontaktuan pizten diranak. Foru Aldundiak eskultura bat egiteko lana esleitu dauela irakurri eta injinerutza enpresa bat dabil horretan.
Balorean jarri behar da Herrialdeko koadrilarik bakartienetan jorratzen dabizen proiektuak, batetik bide berdea balorean jarten dauelako, baita maila ekonomikoan eta sozialean be onurak ekarri ditualako.
3.- Azterketa-arko horri jarraituz eta Tecnaliagaz lankidetzan, horma-pinturearen esperientzia hobetzeko prozesu barritzailea jorratu dozue. Zein da helburua?
Teknologia barriak eta artea buztartzeko programea sortu eta Eusko Jarlaritzearen KSI deialdira aurkeztu genduan Tecnaliagaz alkarlanean eta aukeratua izan zan. Ordutik lanean gabiz buru-belarri. Artea eta teknologia buztartzea lan handia da. Gure hautuak lehen fase bat izan eban, oso oinarrizkoa, baina hasierea izan zan: San Martin auzoan pintautako horma irudi bat musikatu eta QR bidez entzun daiteke.
Lehen proba horren ostean, errealidade areagotua dalakoari ekin geuntsan. Holako proiektuak sustatzeko sortu zan KSI (Kultur eta Sormen Industriak) deialdia eta bide hau Tecnaliagaz egin ahal izatea lortu genduan. Injineru informatikoen eta sortzaile plastikoon hizkuntzak batzea erronkea izan da, errealidade areagotua zelan aplikau erabagitea be kostau jaku, baina azkenean lortu dogu eta martxan jartea baino ez da falta. Oso pozik gagoz, Vasco Navarro trena Maeztutik barriro ibili ahal izatea lortu dogu, errealidade areagotuaren bidez bada be.
4.- Zelan gauzatuko dozue poposamen zehatza?
Smartphon-en bidez elementu ikoniko eta historikoak berreskuratuko ditugu. Trena eskalan agertuko da. Javier Suso adituak azaltzen dauen moduan 'tren horia, krema kolorekoa, berreskuratu dogu' eta erabiltzaileek euren aurrean topauko dabe, kalea zeharkatzen. Aurrez aurre piezak, neurriak... Dana ikusi ahal izango dabe eskalan.
Gainera bestelako elementuak be badagoz, berbarako, geltokiko erlojuak; eta ez hori bakarrik, publikoen interakzinoak lortzeko lanean gabiz, jenteak parte hartu deian: ederra izango da; eta proiektu aitzindaria Euskal Herrian.
5.- Proiektua zelan doa?
Martian aurkeztea da asmoa. Horma irudia margotzen hasi gara baina Arabako Mendialdeko klimea ez da lanean ibilteko onena, margoek tenperatura zehatz batzuk behar dituelako. Horregaitik astiro-astiro goaz, ondo egiteko. Bost urte honeetan hori izan da bermatu nahi izan doguna: kalidadea. Margotze saio parte-hartzaileak egin ditugu, hau da, herritarrakaz ibili gara auzolanean eta arte komunitario saio horreei esker herriak berea sentiduten dau lan hau dagoeneko. Lotura berezia izan dot Mendialdeagaz eginiko lanei esker eta oso eskertua nago.
Bestetik, guretzako oso inportantea izan da, adibidez, proiektua 948 Merkatuan aukeratua izana. Pentsau, 85 proiektu aurkeztu ziran, maila handikoak danak, baita esperientzia eta ibilbide handiko eragile ezbardinen artean landutakoak be. Eta gurea publikoaren aurrean ezagutarazoteko aukeratutako 10etako bat izan zan. Oso urduri egon nintzan aurkezpenean, Baluarte Jauregian, auditorio handi horren aurrean... baina plazerra da holako autortzea lortu izana. Txikitasunetik be proiektu handiak egin daitekezala erakutsi eta talde garaipen ederra izan da.
6.- Zer ekarpen egin leike barrikuntza teknologikoak ikusizko artearen eremuan?
Barrikuntza teknologikoak gure egunerokoan dagoz. Artearen esparrukoak, sortzaileok... Ezin gara gora adi geratu; aplikazino bikainak ditue hezkuntzan, turismoan, artearen oinarrietan... Noam Chomskyk esaten dau erraietara, sustraietara jo behar dogula munduagaz, ondoan dogunagaz hartu-emonak izateko eta guk memoria kolektiboa berreskuratzeko gailuak dirala ulertu dogu.
Ederra da jenteak bizitako istorioak kontetan hureratzen danean eta ederra da gazteek ulertu dabena galdetzen hurreratzen jakuzenean, transmisinoa lantzen gabiz, Nomadak, Bidearen Aztarnak edo landutako bestelako proiektuakaz.
7.- Emakumeen zereginaren inguruko lanketa berezia egin dozue proiektuotan. Zeintzuk dira emoitzak?
Hori da. Pozarren gagoz emakumeen ekarpenak ikustarazoten gabizelako. Inportantea da emakumeen inguruan egiten gagozan lanketea. Trenak historian aparteko garrantzia izan dauelako. Bergaran, adibidez, argazki historikoa berreskuratu genduan eta emakumea zan trenaren gidaria. Gidarien irudia, ostera, gizonezkoei egon da beti lotuta. Eregitako amesezko giroak horixe dakar baina gu beste errealidade bat elikatzen gabiz; zelan? Jenteari entzun eta istorioak berreskuratuz. Holan jakin dogu, Arabako, Mendialdean, tren estazinoetako arduradunak emakumeak izan dirala. Eta horri orain arte apenas emon izan jako garrantzia. Proiektuokaz errealidade ezkutu bat azaleratzen gabiz eta uste dot oso positiboa dala emakumeok jagokun lekua hartzen joatea be.
8.- Zein beste proiektutan zabiz gaur egun?
Urte amaierea gogorra izan zan, egia esan. Topera egon gara eta azken hileotan Grezian –hilebeteko erakusketea aurkeztu– eta Argentinan egon gara. Oraintxe bueltau gara Etxepare Instituagaz alkarlanean eginiko proiektu honetatik.
Urteari indarrez ekin deutsagu eta norbanakoen enkarguak eta arte komunitarioa batzen dituen lanak ditugu eskuartean. Egunotan Iruñean nabil beharreann. Gipuzkoan be badago zeozertxu, Bizkaian, Madrilen... Urtea ondo hasi da eta lan eta lan segiduten dogu!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!