Euskerea sustatzeko deialdiak onartu ditue
2020-04-08 07:44 Euskerea berbagaiMiloe bat euro baino gehiago emongo ditu Jaurlaritzeak diru-laguntzinotan.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak euskerea gizartean bultzatzeko diru-laguntzino deialdi bi onartu ditu. Bata, orokorragoa, Euskalgintza izenekoa da; bestea, zehatzagoa, IKTetan euskerearen erabilerea handitzeko pentsauta dago. Bien artean, miloe bat euro pasautxuko laguntzinoak banatuko ditue, ehun proiektu baino gehiagoren artean.
Euskalgintza izeneko deialdiaren helburua gizarte-bizitzan euskerea sustatzea, garatzea eta normalizetea da, alkarte, jarduera zein proiektuak babestuta. Igazko deialdian beste diru emongo dabe aurtengoan be, 979.000 euro.
Igaz 124 egitasmori emon eutsien laguntzinoa, eta aurten be ehun baino gehiago izango dirala aurreikusi dabe. Alarma egoerea amaitu eta biharamunean hasita, hilabeteko epea egongo da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean eskariak aurkezteko. Deialdia zazpi moltsotan banatu dabe:
- A moltsoa: Esparru ez formaletan euskerearen erabilerea handitzeko egitasmoak. Euskaldunen hizkuntza ohituretan eragiteko planak.
- B moltsoa: Euskeraz ez dakien herritarrak erakarteko programak.
- C moltsoa: Familia barruko transmisinoa sendotzeko proiektuak.
- D moltsoa: Euskerearen ondareari buruzko informazinoa jaso, gorde, digitalizau edo zabaltzen daben egitasmoak, gehienez hiru.
- E moltsoa: Euskereari zuzenean lotutako alderdien azterlanak, gehienez zazpi.
- F moltsoa: Euskalgintzako persona edo alkarteei omenaldiak, gehienez bi.
- G moltsoa: Irakurten eta idazten trebatzera bideratutako lehiaketak, sariak eta topaketak, gehienez zazpi.
Bestetik, ingurune digitalean eta IKTetan euskerearen erabilerea sustatzeko deialdian beste 450.000 euro emongo ditu Jaurlaritzeak. Gogoan izan behar da, igaz egindako aldaketen ondorioz hedabide digitalek eta aplikazinoek ezin dabela deialdi honetan parte hartu, beren-beregi alor horreetarako deialdiak egitea aurreikusita dagoalako.
Kontuak kontu, deialdi honen zatirik handiena internet bidez eta euskeraz zabaldutako egitasmo ez komertzialei bideratuta dago. 2020an martxan jarriko direnei ez eze, aurretik dagozanei be lagunduko deutsie, barrikuntza edo hobekuntzaren bat egiten badabe.
Ganera, euskerazkoak ez diran egitasmo ez komertzialentzako atala be badago, euskerazko bersinoa egin deien, edo euskerazko edukiak hobetu deiezan. Euskalgintza deialdian legez, IKTetako honetan be, alarma egoerea amaitu eta biharamunean hasiko da eskabideak egiteko hilabeteko epea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!