BBK Music Legends 2021era atzeratu dabe
2020-04-07 12:55 MusikeaOsasun egoereagaitik, egitarauko talde batzuek bertan behera itxi ditue Europako birak.
Oraindino pare bat hile falta dira V. BBK Music Legends hasteko, baina antolatzaileek dagoeneko ikusi dabe oso gatxa izango dala ganorazko jaialdia egitea. Batetik, Covid-19 gaixotasuna dala eta, horrenbeste jente leku txiki baten batuko dituan ekitaldia antolatzea ez da idea ona, bagilean itxialdia arinagoa izatea espero dan arren. Bestetik, atzerritik datozan musika taldeak eurak be, Europan egin beharreko birak bertan behera ixten hasi dira.
Horrenbestez, BBK Music Legends ez da bagilaren 5ean eta 6an egingo. 2021eko bagilera atzeratu dabe bosgarren edizinoa. Erabagia hile biko aurrerapenez emon nahi izan dabe antolatzaileek, azken ordura itxaron barik, publikoari deutsen errespetuagaitik eta jenteak planak egokitzeko astia izan deian. Erabagi solidario eta errealistea hartu dabela dinoe festibalaren arduradunek.
Holako jaialdi bat antolatzeak dakarzan lanak, ardurak eta ilusinoak gogoan hartuta, erabagi gogorra eta gatxa izan dala ziurtatu dabe ohar baten. Orain gure osasuna eta ingurukoena babesteko momentua da, gremio, kolektibo, laguntzaile sozial eta medikuntzako beharginak babestekoa.
Datorren urteko bagilean alkar ikusteko deia egin dau BBK Music Legends jaialdiak. Larrialdi hau pasau eta gero, zuzeneko musikea barriro entzungo da, festibalek euren bideari berrekingo deutsie eta artistakaz gozauko dogu, adierazo dabe antolatzaileek.
Sondikako Ola auzoan egiten da BBK Music Legends jaialdia urtero. Aurtengo edizinorako egitarau potoloa izan dabe lotuta: Eric Burdon & The Animals, Lucinda Williams, The Jayhawks, Joanna Connor, Anari... egon dira egun biko kartelean. Baina 2021era itxaron beharko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!