'Lekuak leku', Postal Kolekzionistak taldearen kantu barria

Bizkaie! 2020-04-07 12:14   Musikea

Iñigo Asensiok zuzendutako taldeak bigarren diskoa udagoienean kaleratuko dau.

Postal Kolekzionistak taldeak Lekuak leku izeneko singlea aurkeztu dau. Covid 19 koronabirusaren pandemiak sortutako itxialdi egoeran grabau eta produzidu dabe, baita bideoklipa bera sortu be. Igazko maiatzean Azken Gaua Hirian (autoprodukzinoa, 2019) euren lehen diskoa kaleratu ostean, talde gipuzkoarrak kantu barria dakar.

Iñigo Asensiok (Homo Demens, Manent, Van Popel, Charlie&theColours) sortu eta abestutako doinua da, ohiko taldekideen musika produkzinoagaz osotua: Michel Longaron baterian (Imanol Larzabal, 21 Japonesas, Mikel Erentxun, Iker Lauroba), Ander Zubillaga gitarretan (Governors, Iker Lauroba, Zesuma, Blue Mood), Irene Lopez pianoan eta Juanjo Falcón bajuan (Les Mecaniciens, Momau, Labrit, Manent). Beñat Igerabide musikari eta teknikaria izan da produkzinoaren ardurea hartu dauena.

Asensiok argitu dau abestia dagoeneko idatzia egoan itxialdi egoera honetan sartu aurretik eta singlea buruan geunkan, baina akaso konfinamenduak emon deusku beharrezko denporea, bakoitzaren etxetik bada be, abestia grabau ahal izateko.

Kontua da ze, taldeak udagoienean edo estudioko bigarren lan luzea kaleratzeko asmoa dau, baina momentuz Lekuak leku kantuaren ondoren beste abestiren bat ezagutzera emoteko aukerea aurreikusi dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu