'Il cercatore di perle' plazan

Bizkaie! 2020-04-07 07:55   Musikea

Inoren ero nik egindako azken lana da Il cercatore di perle.

Orain hamasei urte hasitako bidean, Inoren ero ni taldeak egindako azken pausua da Il cercatore di perle, izentetako gero eta gatxagoa dan bide beharbada bihurri, baina, edozein kasutan, guztiz koherentean. Hasierako Inoren ero ni izeneko diskoa berbagai hartuta, hardcore-a nabarmentzen bazan be, hurrengo diskoetan rock mueta horretatik urrundu eta bide propioa urratu dau taldeak. Diskoz disko egin dau aurrera, Il cercatore di perle honetara heldu arte. Tartean kide aldaketa garrantzitsuak (Mariano Drakeren ordez, Guantxe Mikelen partez) eta saio asko egon dira. Hasierako erritmo azkarrak moteldu eta biderkatu egin dira musikearen nabardurak, ugaritu giro aldaketak. Bilakaera horren ondorio zuzena da Il cercatore, nire ustez, taldearen orain arteko emoitzarik bikainena eta, batez be, personalena. Eta nago kantu bilduma honi emon deutsen izena nahita eta propio emon deutsela, ezelan be ez halanbeharrez, bikain jasoten dauelako taldearen filosofia, sorkuntzeari jagokonez: Il cercatore, bilatzailea, hain zuzen be. Bila eta bila ibili ondoren, lau perla eder topau ditu taldeak, lau ale distiratsu, horreetako bakotxaren distira ezbardina izanagaitik adierazo dau Xabier Montoiak. Hona hemen banan-banan:

- Amen eta orain dau izena diskoaren lehenengo kantuak. Berehala arretea eskatzen deuskun sarrera indartsu baten ondoren, berbetan hasten jaku Okene. Berbetan, bai, horixe egiten dauelako hemen, kantuan baino gehiago. Ahotsak gora eta behera egiten dau (orain xuxurla, orain oihu), amaierako tronpeteagaz bat egin arte, taldeak sortzen dauen giro beti aldakorragaz batera.

- Minaren gauzatzea dogu hurrengo kantua. Charles Bukowskiren poema bat oinarritzat hartuta, kantu patxadatsua osotu dabe, malenkoniatsua kasik. Badirudi doinua, ahotsa batik bat, oso urrundik heltzen jakula, laino artetik edo. Berbak ia banan-banan datoz eta sarri, luzatu be egiten dira, harik eta kantua bere erpinera heldu eta, bat-batean, isiltzen dan arte.

- Diskoaren beste aldea zabaltzeko Il cercatore di perle bera dago, italieraz kantauta, hemengo lau kantuetatik taldearen sustrai musikalak bistan ixten dituana da; kantu oldarkorra, bizi-bizia, guztietatik egokiena salto eta jantzan egiteko.

- Zerria izenburukoa da diskoaren laugarrena eta azkena, kantu iradokitzailea, oihartzunez betea. Hasierako akordeen segidak, kantaereak, giroak Mikel Laboa ekarten deusku gogora. Ederra.

Diskoa erosi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu