Poema bisuala Metrokoadrokaren eskutik

Bizkaie! 2020-04-06 13:06   Kulturea

Antzerkia, edo sormena, edo artea, edo alkartasuna, masaje baten modukoa izan daiteke mina dagoan lekuan.

Lehenik eta behin, zagozan lekuan zagozala, besarkadak eta animoak bialtzen deutsuguz Metrokoadroka, sortzaileen sare honetatik. Aspaldi zan buletina amatauta geunkala, bestelako bideetatik zabaldu izan ditugulako gure proiektuei buruzkoak, baina biziten gagozan egoera ez ohiko honetan biderik aproposena iruditu jaku jarraian dozuen poema bisuala konpartiduteko.

Orain urtebete, 2019ko apirilaren 5ean, antzokira egokitutako site specific bat egin genduan Zauri Bolodia performance izenburupean, Bilboko Dantzertiren enkarguz. Hiru egunez antzokian jardun genduan lanean eta txoko ezberdinetan pieza poetiko eta fisikoak sortu genduzan, hareen artean ibilbide bat osotuz. Piezak lotzeko Zauri Bolodia personaia aktibau genduan eta bere ahotsean testuak tartekatzen joan ginan; Ainhoa Alberdi eta Maite Aizpurua ikusiko dituzue oholtzan, Javier Barandiaranek jarri eban kanpo begiradea, Oier Guillanek testua eta ahotsa, Idoia Beratarbide eta Asier Sarasolagaz batera sortu genduan emonaldia osotasunean.

Performance haretan esaten genduan antzerkia, edo sormena, edo artea, edo alkartasuna, masaje baten modukoa izan daitekeela mina dagoan lekuan. Masajea egiterakoan mina areagotu egiten da une batez, baina gerora betirako desagertzeko. Hari horretatik tiraka etorri zan ondoko piezea eta amaieran entzun daitekeen testua. Zuen minak apur bat arinduko ditualakoan, jaso eizue gure besarkadarik estuena!

Batzuetan pentsetan dot bizitzak, edo munduak, anarkismo barri bat behar dauela. Nik ez dakit askorik anarkismoaz, ez nabil korronte historikoez. Uste dodana da ezintasunaren aurrean akaso ezin dala iraultzak behar dauen kaosa antolatu eta administrau. Akaso maitasun ekintza anonimoak, bat-batekoak, solidarioak behar ditu garai honek izurrite bat bezela. Maitasunezko ekintzen terrorismoa, enpatia ilogikoa, alkartasun indiskriminatua eta anonimoa.

Ezezagun bati mina arintzea, ezezagun bati alkartasuna adierazotea, ezezagun bat laguntzea, harek zure barri sekula izan barik. Slavenca Drakulic-ek saten dau behin ezezagun batek gultzurrun bat emon eutsola. Obsesionau egin ebala horrek, eta bilatu be egin ebala. Erizaina zan gultzurruna oparitu eutson ezezaguna: Zergaitik oparitu deustazu gultzurrun bat ni ezagutu barik? galdetu eutson; bateren batek egin behar ebalako, erantzun eutson berak. Eta zure seme edo alaba batek inoiz beharko baleu? barriro be Slavencak, harriturik. Ba orduan espero dot besteren batek inoiz gauza bera egingo dauela eurakaitik, erantzun eutson erizainak. Drakulic-ek liburu bat idatzi eban alkartasuna ezezagunei adierazoten deutsen personei buruz, eta liburua erabateko porrota izan zan antza, inor gitxori interesetan jakozalako personen gauza onei buruzko istorioak.

Alkartasuna probokazinoa baino probokatzaileagoa izan daiteke, zinez. Egungo sasoi baltzetan zer izan daiteke sistemarako bildurgarriagoa trukean ezer kapitalizau nahi ez dauen ezusteko alkartasun keinu bat baino?”

Ikusi emonaldiak osorik hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu