Mailegu eta erabiltzaile gehiago eLiburutegian itxialdia agindu zanetik
2020-04-03 12:33 Kulturea6.400 erabiltzaile barrik emon dabe izena asteotan.
Covid-19 gaixoak eragindako egoereari aurre egiteko tresna baliotsua da eLiburutegia, EAEko liburutegi digitala. Katalogoan eskaintzen dituan titulu piloa eta erabiltzaile izateko erraztasunak faktore garrantzitsuak dira, eta jente askok zerbitzu horretara jo dau etxean pasau beharreko orduak arintzeko.
Dagoeneko 46.530 erabiltzaile dagoz izena emonda eLiburutegian. Alarma egoerea indarrean dagoanetik, hiru aste inguruan, 6.409 erabiltzaile barrik emon dabe izena. Itxialdian zerbitzua jente gehiagori hurreratzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak erraztu egin ditu erabiltzaile bihurtzeko tramiteak, eta neurri horrek eragina izan dauela dirudi, beraz.
Erabiltzaile barri gehienak Euskadiko Liburutegi Sareko kideak izan dira lehendik be, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegi publikoak batzen dituan sarekoak. Egun batzuetan, eLiburutegiko erabiltzaile egiteko eskariek gainditu egin dabe Liburutegi Sarearen erantzuteko ahalmena.
Maileguan itxitako obren kopurua be nabarmen hazi da alarma egoerea indarrean dagoanetik. Martiaren 18an, eLiburutegiaren historian egun bakar baten emondako maileguen errekorra apurtu zan, 1.217. Ganerako egunetan be, 800 eta 1.200 mailegu bitartean izaten dago liburutegi digitala. Kontuan izan behar da, itxialdia hasi aurreko asteetan, normalean 190 eta 260 mailegu emoten zirala egunean.
Gehien eskatu diran liburuak Juan Gómez-Juradoren Loba Negra, Ibon Martinen La danza de los tulipanes eta Dolores Redondoren La cara norte del corazón izan dira. Euskerazkoetan, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, Karmele Jaioren Aitaren etxea eta Eneko Barberenaren Afrikanerrak izan dira eskatuenak. Sukaldaritza arloko liburuak eta umeentzakoak be ohi baino gehiago irakurri ditu jenteak. Genero guztietako 20.000 bat titulu eskaintzen ditu eLiburutegiak.
Horrezaz gan, filmak be ikusi leitekez eLiburutegian. Itxialdian dagoeneko 6.000 pelikula baino gehiago ikusi ditue erabiltzaileek, ohiko kopurua halako hiru.
2014an sortu eban Jaurlaritzeak liburutegi birtuala, liburuak eta filmak modu telematikoan ikusteko erraztasunak emoteko. Obrak formatu digitalean zabaltzeagaitik sortzen diran egile eskubideak ez dira arazoa erabiltzaileentzat, Jaurlaritzeak ordaintzen ditu eta. Normalean, hilean lau liburu irakurteko eta astean film bi ikusteko baimena daukie erabiltzaileek, baina itxialdia indarrean dagoan bitartean sei liburu eta hiru pelikulako mugea dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!